BILBO. Ekainaren 15ean, Urban Festaren zortzigarren edizioa ospatuko da Basauriko Basozelai Gizarte Etxean. Jaialdia ZirtZart Basaurik antolatu du ?Basauriko Udalaren Gazteria programaren baitan- eta Kultur Basauriren laguntzarekin. Bertan tailerrak, zuzeneko musika eta grafiti arte-lanetan adituak egongo dira.

Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera jardunaldiari, grafiti erakusketan parte hartuko duten berrogei lagun ingururen lehen zirriborroekin batera. Eguerdi aldera, profesional adituen gidaritzapean grafiti eta serigrafia ikastaroak eskainiko dira. Doako eskaintza honetan edonork har dezake parte; hala ere, plaza kopuru mugatua dagoela esan beharra dago.

Egunean zehar Profesor G musikaria zuzenean arituko da grafiti erakusketa girotzen, eta arratsaldean "Control de Plagas" eta "Jon Manteka´s Army" hardcore taldeen zuzenekoez gozatzeko aukera izango du publikoak.

Ohitura bihurtu den legez, «Batalla de Stylos» txapelketarekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Binaka jokaturiko lehiaketa honetan, parte hartzaileek denbora tarte laburra izango dute espray botea esku hartean dutelarik diseinurik erakargarriena margotzeko. Asko bidean geratuko dira eta bakar batek lortuko du garaipena lortzea.

Egitarau osoa doakoa da, eta beraz, publikoak ez du inolako sarrerarik ordaindu behar izango. Tailer nahiz zuzeneko emanaldien plaza kopurua mugatua izango da.

Programazioa:

  • Grafiti erakusketa: 11:00 ? 20:00. Zuzeneko emanaldia: Profesor G
  • Grafiti eta Serigrafia tailerrak: 13:00
  • Zuzenekoak: "Control de Plagas" + "Jon Manteka´s Army" 17:00
  • "Batalla de Stylos" txapelketa: 21:00