Elorri, Gaztelumendi eta Kasune kaleetan espazioa berrantolatzeko obrak hasi ditu Getxok
Elorrin 18 aparkaleku-plaza irabaziko dira, 42 izango dira guztira, eta Gaztelumendin 35 gehiago, 87 guztira
Getxoko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu udalerrian datozen asteetan. Dagoeneko hasi ditu Algortako Elorri eta Gaztelumendi kaleetan espazioa berrantolatzeko eta birbanatzeko lanak, aparkaleku-plaza gehiago sortzea ahalabidetuko duena.
Sarrikobaso aldean egindako “Getxo Txukun” parte-hartze prozesuan herritarrek planteatutako beste eskaera bat da. Elorrin 18 plaza irabaziko dira, 42 izango dira guztira, eta Gaztelumendin 35 gehiago, 87 guztira. Gainera, irisgarritasuna hobetuko da espaloiak jaitsiz eta zabalduz.
Elorri, Gaztelumendi eta Kasune (Elorritik Sarrikobasoraino) kaleak ere asfaltatuko dira berriro, eta Gaztelumendiko plaza txikiaren egonlekua berrituko da, adineko eta adin txikiko pertsonentzako ariketa jolaslekuekin, bankuekin eta “pet friendly” iturriarekin. Halaber, iturriak berrikusiko dira eta zakarrontzi berriak jarriko dira inguruan.
Argiteria
Argiteriari dagokionez, sodio-lurrunezko luminarien ordez led luminariak jarriko dira. 119 argi berrituko dira Illeta (13), Kasune (19), Gaztelumendi (25), Ollarretxe (17), Salsidu (5), Bidebitarte (3), Bidebarri (12), Elorri (12) eta Redentor (5) kaleetan, Gaztelumendiko parkeetan, 28.ean (4) eta 30.ean (2), eta Ollarretxen, 39.ean (2). Lanak egiteko epea 11 astekoa da.
“Esku-hartze hau Sarrikobason ‘Getxo Txukun’ ekimenaren bidez egindako entzute- eta partaidetza-prozesutik sortutako proiektu nagusietako bat da, eta egindako ekarpenak auzoa hobetzeko jarduera zehatzetan pixkanaka nola gauzatzen diren erakusten du. Ekimen honetara bideratu ditugun 200.000 eurorekin planteatutako jarduketa guztietara iristen ez ginenez, 165.000 euro gehiago gaitu ditugu horiek bete ahal izateko. Guztira, 365.000 euro inbertituko ditugu”, adierazi du Amaia Aguirre alkateak.
Getxo Txukun horren eremuan, Ollarretxe eta Sarrikobaso kaleek bat egiten duten tokian bizikleta-garbitegi bat instalatuko da,Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Gune horretan egiten ari diren hornidura- eta saneamendu-lanak amaitu ondoren hasiko dira instalazio hori ipintzeko lanak.
Getxo Txukun prozesuan dagoeneko egindako jarduketak
- Sarrikobaso eta Bidezabal arteko barandak ordeztu edo hobetu dira.
- Sarrikobaso 20 eremuko edukiontzien kokapena aldatu da, oinezkoentzako pasabideen ikuspena hobetzeko.
- Motorrentzako aparkalekua instalatu da, horientzako espazio bat egokitzeko eta oinezkoentzako pasabideen ikuspena handitzeko.
- Inguruan dauden bankuak ordeztu eta hobetu dira.
- Gaztelumendi kalean, ahoa goian duten beirazko edukiontzien ordez modelo berriagoa eta irisgarriagoa dutenak jarri dira.
- Edukiontzien kokalekuak berrikusi dira Sarrikobaso 28.-30.ean, ikuspena hobetzeko.
“’Getxo Txukun’ prozesutik hainbat jarduketa mota sortu ziren: batzuk mantentze- eta hobetze-lan txikiak, dagoeneko gauzatzen joan direnak, eta jada herritarrei jakinarazi zaizkienak; eta beste batzuk, irismen handiagokoak, hautemandako beharretatik eratorritakoak, horien artean Gaztelumendi, Elorri eta Kasune kaleetako esku-hartze hau. Gainera, gaur egun saneamendu eta hornidura sareak berritzen ari dira, eta, aurrerago, lantzen ari garen Sarrikobaso kalearen beraren berrurbanizazio integralerako proiektua ezagutaraziko dugu”, esan du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.