Datorren asteazkenean, uztailaren 1ean, San Juan gauerako prestatuta zegoen eta muturreko beroa dela eta garatu ezin izan zen Su Bizia! ekimenaren programazio gehiena ospatuko da Mungian.
Egindako kudeaketei eta parte hartuko duten talde, artista eta kultur eragile guztien prestutasunari esker, ekitaldia Mungiako jaien egitarauaren barruan txertatzea lortu da. Horrela, San Juan gaurako diseinatutako proposamen artistiko eta parte-hartzaile osoa uztailaren 1ean garatuko da, ordutegi, ikuskizun eta talde berberekin.
Antolatzaileek azpimarratu dute berrantolaketa ez zela posible izango programan parte hartuko duten talde guztien erantzun positiborik gabe. Deialdia jaso bezain laster, talde, artista eta elkarteek berriro parte hartzeko borondatea eta konpromisoa erakutsi dute, eta horri esker Su Bizia! hasieran pentsatu eta prestatu zen bezala bizitzeko aukera izango da.
Ekitaldiak esanahi berezia izango du, Bizkaiko kale arteen erakusleiho handia izateaz gain, Mungiako kultur talde eta eragile ugari elkartuko baititu. Herriko eta lurraldeko sortzaileak, musikariak, dantzariak, bertsolariak eta kale arteen konpainiak arratsaldetik gauera arteko ospakizun batean bilduko dira.
Arratsaldetik gauera, kale arteek Mungia hartuko dute
Su Bizia!-ren egitaraua 18:00etan hasiko da Matxin plazan, familientzako tailer eta jolasekin. Zirkozaurre Taldeak eta Kalakak egurrezko jolasak, zirkuarekin lotutako jarduerak eta publikoak aktiboki parte hartzeko proposamenak eskainiko dituzte. Arratsaldeko lehen zatiak familia giroa, jolasa eta kultura kalera eramango ditu.
21:00etan, Udaletxeko fatxada eszenatoki bihurtuko da Dimegaz taldearen eta Janire Etxaberen dantza bertikaleko emanaldiarekin. Arkitektura, mugimendua eta altuera uztartuko dituen ikuskizunak gaueko programazioari hasiera emango dio.
Jarraian, 21:15ean, kalejira abiatuko da udaletxetik. Bertan parte hartuko dute: Bizkaiko Gaiteroek, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolak, Gure Ametsa Txistulari Taldeak eta Alaiak Mungiako Soinulari Alkarteak. Kalejirak herriko kaleak musikaz, dantzaz eta jai giroaz beteko ditu, herritarrak gaueko ikuskizun nagusiaren espaziora eramanez. 21:30etik aurrera, txokolatea banatuko da Uriguen parkean, herritarren arteko topaketa eta ospakizun giroa indartzeko.
Sua, dantza, kale-antzerkia eta piroteknia
22:00etatik aurrera, Su Bizia!-ren gaueko atal nagusia hasiko da Uriguen parkean. Malabar argidunak, koreografiak, dantza eta sua uztartuko dira, eta pebeteroa piztuko da, ospakizunaren izaera sinboliko eta ikusgarria indartuz.
22:30ean iritsiko da ospakizunaren une gorena: Deabru Beltzak eta Taket Mungiako Bertso Eskola elkartuko dira konpainiaren 30. urteurrena ospatzeko prestatutako ikuskizun nagusian.
Musika, piroteknia eta akerraren pizte magikoa izango dira emanaldiaren ardatzak. Deabru Beltzak-en unibertso artistikoa San Juan gauaren eta akelarrearen iruditeriarekin lotuko da, eta ikuskizuna bertso bidezko agurrarekin amaituko da.
Ondoren, 22:45etik aurrera, jaiak erromeriarekin jarraituko du, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskolako trikitilarien parte-hartzearekin.
Bizkaiko kale arteen eta Mungiako kultur sarearen ospakizuna
Su Bizia! ez da soilik berrantolatutako ekitaldi bat izango. Hasierako izaera eta helburuei eutsiko dien kultur ospakizuna izango da: Mungia Bizkaiko kale arteen topagune bihurtzea, Deabru Beltzak-en 30 urteko ibilbidea ospatzea eta herriko kultur sarearen indarra erakustea.
Antolatzaileek herritarrak uztailaren 1ean kalera ateratzera eta ekitaldia hasieratik aurreikusitako ilusio berarekin bizitzera gonbidatu dituzte. Arratsaldetik gauera, jolasa, musika, dantza, kale-antzerkia, bertsoa, sua eta piroteknia elkartuko dira Mungiako jaien barruan egingo den hitzordu berezi honetan.