Dena prest Sestaon ETS-ren kontzertua hartzeko
22 polizia-agente eta ertzainek eta bi anbulantziak zainduko dute jarduera behar bezala garatzea, jendetsua izatea espero baita
Larunbat honetan, ekainaren 27an, milaka lagun bilduko dira Sestaoko Las Camporras parkean En Tol Sarmiento taldearen kontzertua ikusteko. Hori dela eta, Sestaoko Udalak neurriak hartu ditu, bertaratuko direnen segurtasuna bermatzeko, eta dispositibo berezi bat ezarriko du.
Kontzertua 23:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 90 minutu iraungo ditu. Barrutia Portugaleteko udal-mugartearen ondoan dagoenez, Sestaoko Udala etengabe koordinatzen ari da hiri jarrilleroko Udalarekin ekitaldia behar bezala garatzen dela bermatzeko. Aurrekoaren harira, Portugaleteko udaltzainek ere segurtasun-dispositiboan parte hartuko dute.
Jarduera ondo garatzen dela zaintzeko jardungo dute guztira 22 ertzainek eta Sestao eta Portugaleteko udaltzainek. Era berean, operatiboak babes zibileko sei boluntarioren laguntza izango du, bai eta Sestaoko Udaleko informatzaileena ere. Pertsona horiek sarbideetan eta eremurik jendetsuenetan banatuko dira. Dispositibo hori guztia koordinatzeko aginte-postua Sestaoko Udaltzaingoaren bulegoetan kokatuko da.
Edozein osasun-gorabeherari erantzuteko, oinarrizko bizi-euskarrirako anbulantzia bat izango da, beste bat bizi-euskarri aurreraturako eta bi osasun-profesionalek oinezko zerbitzua emango dute barrutian. Era berean, ebakuazio-irteerak egokiro seinaleztatuko dira azkar eta modu antolatuan erantzuteko eremua hustu behar izanez gero.
Udalak, halaber, mugikortasun urriko pertsonentzat gune bat egokituko du Juan de la Cosa kalean, Las Camporras parkeko ondoko espaloian, kontzertua irisgarritasun-baldintza egokietan jarraitzeko.
Bestalde, barrutiaren ohiko egoera ahalik eta lasterren berreskuratzeko, Udalak iganderako garbiketa-dispositibo berezia prestatu du. Egun horretarako 15 kontrataziorekin indartuko da, eta lanean jardungo dute Las Camporras parkea baldintza ezin hobean uzteko kontzertuaren ondoren.
Kulturako zinegotzia den Carlos García de Andoinek azaldu du "jaietako kontzerturik esperoenetakoa dela, eta, horregatik, lan egin dugula behar diren baliabide guztiak prest izateko". Ildo horri jarraikiz, azpimarratu du “Udalaren lehentasuna dela bermatzea, batetik, kontzertua normaltasun osoz garatzen dela eta, bestetik, pertsona orok emanaldi horretaz gozatzen duela ingurune seguruan”. Zinegotziak eskertu du operatiboan nahasita dauden zerbitzuen arteko elkarlana eta koordinazioa.