Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak martxan jarriko ditu aurten ere bai kontziliazioa ahalbidetzeko Iraileko Udalekuen edizio berri bat, abuztuaren 31tik irailaren 4ra bitartean. Txanda honek ez du jantoki zerbitzurik izango, eta bost egunetan 9:30etik 13:30era (harrera zerbitzua 8:30etik 9:30era) garatuko da.
2014 eta 2022 urteen artean jaiotako 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta, udaleku hauen helburua da aisialdia, jolasak eta bizikidetza uztartzea, adin-talde bakoitzera egokitutako jarduerekin. Programa Larrea ikastetxeko instalazioetan eta udaleko kirol eta kultura ekipamenduetan gauzatuko da.
Inskripzioak
Izen-ematea ekainaren 22tik uztailaren 5era bitartean egin ahal izango da, Gazte Informazio Bulegoan aurrez aurre edo udalaren webgunearen bidez. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da Ametx Txartela Ume Txartela moduan aktibatuta izatea. Izen-emateak banaka edo taldeka egin ahal izango dira, gehienez hiru adingaberekin eskaera bakoitzean, eta ez da telefonoz izena emateko aukerarik egongo. Prezioa 54,50 eurokoa da, eta familia-errentaren zein anai-arreba kopuruaren arabera hobariak eskatu ahal izango dira izen-emate epean.
Plaza eskaintzari dagokionez, programa irekia izango da bai erroldatutakoentzat bai kanpokoentzat. Eskaera kopurua handiagoa bada, Amorebieta-Etxanon erroldatutako haurrek izango dute lehentasuna zozketa bidez. Horrez gain, 6 plaza gordeko dira behar bereziak dituzten haurrentzat, laguntza-hezitzailearekin arreta egokia bermatzeko.
Itzulketak
Itzulketak soilik egingo dira justifikatutako kasuetan, hala nola gaixotasun edo istripu larrietan edo ezusteko egoera larriek parte-hartzea eragozten dutenean. Behin programa hasita, erabiliko ez diren egunen zati proportzionala bakarrik itzuliko da, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan.
Udalak azpimarratu du programa honek udako azken asteetan kontziliazioa erraztea duela helburu, eta aldi berean, inklusioa eta irisgarritasuna bermatzea plazen erreserba eta egokitzapen sistemaren bidez.