Larunbatean ospatuko da LandaLand Jaia Amorebieta-Etxanon
Jauregibarrian ospatuko den jaialdiak egun osoko egitaraua eskainiko du, musika, kultura, aisialdia eta publiko guztiei zuzendutako jarduerak uztartuz
Datorren larunbatean, ekainaren 27an, Amorebieta-Etxanok LandaLand Jaia jasoko du lehen aldiz. Astelehen honetan goizean, Jauregibarrian ospatuko den jaialdiaren aurkezpen ofiziala egin da. LandaLand jaialdiak aisialdia, kultura eta musika uztartuko ditu, adin guztientzako jarduerez osatutako programazio batekin.
“LandaLand Jaia udalerrian lehen aldiz ospatuko den ekimena da, eta ilusio bereziarekin aurkezten dugu. Herritar guztientzat pentsatutako jai eredua da, belaunaldi ezberdinak espazio berean elkartzea, kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Jauregibarria bezalako gune berezi bat balioan jartzea helburu dituena“, adierazi du Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak.
Publiko guztiei zuzendutako egitarau zabala
LandaLand Jaia adin guztietako herritarrak elkartzeko helburuarekin sortu da, familia giroko kultura eta aisialdi eskaintza berria eskainiz. Goizetik gauera arte luzatuko den egitarauak jarduera ugari eskainiko ditu, herritarren parte-hartzea sustatuz eta Jauregibarria udalerriko kultur eta aisialdi gune nagusietako bat bihurtuz egun batez.
Eguerdian hasiko da jaia Udabarri Dantza Taldearen emanaldiarekin. Aldi berean, food truck gunea, rokodromoa eta egurrezko jolasak martxan jarriko dira, haurrek zein helduek egun osoan zehar gozatu ahal izateko.
Programazioaren barruan, ipuin-kontalarien saioak ere izango dira, eta arratsaldean Eneko Martínez magoak bi emanaldi eskainiko ditu publiko guztiarentzat.
Jardunaldiko une berezienetako bat Zornotxoriaren banaketa eta oroigarri ekitaldia izango da. Bertan, Anita Maravillas antzerki konpainiari egingo zaio aitortza,Max sarien irabazle izateagatik eta euskal kulturaren sustapenean egindako ibilbideagatik.
Musikak protagonismo handia izango du egun osoan zehar. Mikel Urdangarinek emango dio hasiera kontzertuen programazioari eguerdi partean; arratsaldean Señeak Bizkaia taldearen emanaldia izango da, eta ondoren Zornotzako Musika Bandak hartuko du lekukoa. Jaia Olaia Inziarteren kontzertuarekin amaituko da.
LandaLand Jaiaren lehen edizioarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak kultura, sormena eta familia giroko aisialdia sustatzeko apustua egiten du, herritarrentzako kalitatezko topagune berriak sortuz eta udalerriko kultur eskaintza indartuz.