Abanto Zierbenak 1937ko Gallartako bonbardaketako bost biktimen oroimenezko plaka inauguratu du
Ekoetxean egindako ekitaldian, bost biktimetatik hiruren ondorengoak elkartu ziren, eta hamarkadetan familien baitan gordetako testigantzak partekatu zituzten jendaurrean
Joan den asteartean, ekainaren 18an, ospatutako ekitaldi sentikor eta hunkigarri batean, Abanto Zierbenako Udalak 1937ko ekainaren 16an, Gerra Zibilean udalerriak jasandako azken aire-bonbardaketan hildako bost biktima zibilen omenezko oroimen-plaka bat inauguratu zuen.
Ekoetxearen fatxadan jarritako plakak bost biktimen izen-abizenak eta adinak jasotzen ditu: Antonio Barrios Ibáñez (10 urte), Ángela Soto Martínez (17 urte), Longinos Lázaro Arranz (22 urte), Águeda del Olmo Velasco (27 urte) eta Manuela Altazubiaga Vizcaya (76 urte). Izenen azpian, “Egia, Justizia eta Erreparazioa” inskripzioa ageri da, baita testu elebidun hau ere: “1937ko ekainaren 16ko Gallartako bonbardaketa faxistaren ondorioz hildako biktima zibilei omenaldi gisa”.
1937ko ekainaren 16ko erasoa udalerrian Gerra Zibilean izandako aire-indarkeriako laugarren eta azken gertakaria izan zen, Bilboren aurkako azken erasoaldiaren testuinguruan. Gogora Institutuak egindako Euskadiko Bonbardaketen Atlasaren arabera, egun hartan Gallartako bost herritar hil ziren, horietako bi adingabeak.
"Mundutik ezabatu zintuzteten, baina gure bizi-haria transmititzea lortu zenuten"
Irati Astorkiak aitona Santik utzitako testua irakurri zuen. Santi Longinos Lázaro Arranzen anaia txikia zen, eta zazpi urte besterik ez zituen bonbardaketa gertatu zenean. Testigantzak erasoaren aurreko egunak xehetasunez gogoratu zituen: udaletxean jarritako sirena, meategietako ahoetan hondar-zakuz eta koltxoiz prestatutako babeslekuak, familiak gurdian Santander aldera ihes egiteko egin zuen saiakera hutsa eta haurra Errusiara ebakuatzeko aukeraren inguruko eztabaida, amak beldurragatik baztertu zuena.
Aitonaren kontakizunaren arabera, Longinosek gauez egiten zuen lan Sestaoko okindegi batean eta egunez egiten zuen lo. Ekainaren 16ko arratsaldean, sirena entzun ondoren, lagun bat joan zitzaion bila. Babeslekura zihoazela, hegazkin alemaniar batek hainbat bonba jaurti zituen Gallartaren gainera. Longinos bertan hil zen; harekin zihoan lagunak bizirik iraun zuen, baina hanka bat galdu zuen. Gau hartan bertan, amak Santi txikia besoetan hartu eta babeslekura eraman zuen. Irakurketa amaitzean, Irati Astorkiak honela esan zuen: “Beti egongo zarete gure oroimenean”.
Beste biktima baten senidea den Felicidad Lópezek eskerrak eman zizkien Udalari eta ikertzaileei memoria berreskuratzeko egindako lanagatik. “Gertatutakoaren oihartzuna entzunez hazi garenontzat, min hori publikoki aitortua ikustea lasaitasun handia da”, adierazi zuen. “Berreskuratutako datu bakoitzak gure arbasoen duintasunaren zati bat itzultzen du”.
Juan Carlos Corral Monasteriok, Manuela Altazubiaga Vizcayaren ondorengoak, 76 urte zituen biktimarik zaharrenak, historia ezagutzera eraman zuten haurtzaroko oroitzapenak partekatu zituen. Santurtziko amaren aldeko aitona-amonen etxean igarotako arratsaldeak gogoratu zituen, metalezko kutxa batean gordetako argazkiei begira egiten zizkien galderak eta aitona Fernandoren isiltasuna, haren amari buruz galdetu zionean. Amona Genovevak azaldu zion birramona "hegazkin batetik bonbardatua" izan zela. h"Mundutik ezabatu zintuzteten, baina gure bizi-haria transmititzea lortu zenuten. Beti egongo zarete gure oroimenean", esan zuen biktimengana zuzenduta.
Musika, lore-eskaintza eta minutu bateko isilunea
Carlos Glaria historialariak gidatutako ekitaldiak udalerriak 1936 eta 1937 artean jasandako aire-erasoen inguruko sarrera historikoa izan zuen, Gogoraren Bonbardaketen Atlaseko datuetan oinarrituta, baita omenaldi-testu instituzionalaren irakurketa ere. Goizalde txistu taldeak ekitaldirako propio prestatutako emanaldi berezia eskaini zuen.
Ondoren, bertaratutakoak Ekoetxearen kanpoaldera atera ziren, inauguratu berri zen plakaren aurrean minutu bateko isilunea gordetzeko eta lore-eskaintza egiteko. Ekitaldia Enarak Dantza Taldeak dantzatutako Agurrarekin amaitu zen.
Abanto Zierbenako Udalak bakearen, bizikidetzaren eta udalerriko memoria historikoa zaintzearen alde duen konpromisoaren barruan kokatzen du omenaldi hau. Iñaki Urrutia del Cura alkatearen hitzetan, “gertatutakoa gogoratzea hortik ikastea eta bakearen balioa ulertzea da”. Eta gaineratu zuen: “Oroimen hori bizirik mantentzea etorkizunari arduraz begiratzeko modu bat ere bada”.