Síguenos en redes sociales:

Muntsaratzen aurreikusita dagoen alokairuko babes ofizialeko 84 etxebizitzaren sustapenak beste urrats bat eman du

Interesa duten enpresek uztailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak

Muntsaratzen aurreikusita dagoen alokairuko babes ofizialeko 84 etxebizitzaren sustapenak beste urrats bat eman duA. Salterain

Ostegun honetan goizean, ekainaren 18an, Visesak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari atxikitako sozietate publikoak, lizitaziora atera ditu Muntsarratzen aurreikusita dagoen alokairuko babes ofizialeko 84 etxebizitzaren sustapenaren eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak zuzendu eta ikuskatzeko lanak, 715.500 euroan (BEZik gabe). Dagoeneko zabalik dago eskaintzak egiteko epea, eta uztailaren 14ra arte egin ahal izango dituzte enpresek.

Alokairuko 84 etxebizitza publikoak Muntsaratzeko Gantza Zelaieta esparruko SR-3 eta SR-4 partzelatan eraikiko dira. Lizitazio horren bidez, proiektua idazteaz eta ondoren obrak zuzentzeaz arduratuko den talde teknikoa kontratatu ahal izango da. Lizitazioaren agirien arabera, behin kontratua esleituta, proiektuaren idazketa 20 asteko epean osatu beharko da.

Muntsaratzeko sustapena Udalak eta Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitza publiko berriak bultzatzeko lortutako akordioaren esparruan garatzen da. Akordio hori, gaur egun, formalizatzeko bidean dago, eta aurtengo azken hiruhilekoan sinatzea aurreikusten da. Akordio horren arabera, Udalak Eusko Jaurlaritzari SR-3 partzela lagako dio —R4 partzela EAEren titulartasunekoa da jada—, eta Abadiñoko bizilagunei bermatuko zaie haiek eskuratzeko lehentasuna.

Etorkizuneko sustapenak 13.000 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du, eta, Visesaren aurreikuspenen arabera, 12,5 milioi euroko aurrekontua izango dute eraikuntza-lanek.

Sustapena garatzeko aurreikusitako egutegiak 2027ko irailerako behin-behineko kalifikazioa lortzea aurreikusten du; eraikuntza-obren lizitazioa, berriz, 2028ko martxoan egingo litzateke. Egikaritze-lanak esleitu ondoren, zuinketa-akta 2028ko azaroan sina daiteke; hori hala eginda, 32 hilabeteko eraikuntza-faseari hasiera emango litzaioke. Epe horiek betez gero, obrak 2030eko azaroan amaituko lirateke.

Etxebizitza, lehentasunetako bat Abadiñorentzat

Etxebizitza da gaur egun Abadiñoko herritarren kezka nagusietako bat. Halaxe erakusten dute agintaldiaren hasieran egindako metabolismo demografikoaren diagnostikoak eta legegintzaldi erdiko inkestak. Arazo horri erantzuteko asmoz, Udalak hainbat neurri bultzatu ditu azken urteotan. Horien artean, lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera ematen duen ordenantza onartzea eta, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) osatzeko garaian, etxebizitzak eraikitzeko eremu berriak definitzea eta baserriak gehienez lau etxebizitzatan banatzeko aukera aztertzea.

Testuinguru horretan kokatzen da, halaber, Abadiñoko lehen Etxebizitza Plana, joan den urtarrilean hasitako prozesua, udalerriak arlo horretan dituen erronka nagusiei modu integralean, koordinatuan eta errealistan heltzeko. Prozesu horren barruan, Udalak inkesta bat egin zuen herritarren artean, eta 229 erantzun jaso zituen. Gaur egun Ekintza Plana definitzen ari dira. "Legegintzaldia hasi zenetik, Abadiñoko Udalarentzako etxebizitza izan da lehentasun nagusietako bat, eta etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko hainbat neurri bultzatu ditu. Alokairuko etxebizitza publikoak funtsezko jarduketa izango dira helburu horretan aurrera egiteko eta udalerrian antzemandako premia nagusietako bati erantzuteko", nabarmendu du Udalak.