Durangarrek Udal Pintura Tailerrean parte hartu duten ikasleek egindako lana ezagutu eta horretaz gozatzeko aukera izango dute aste honetatik ekainaren 21era arte, Durangoko Ezkurdi aretoak urteko erakusketa jasoko baitu.
Erakusketa honen bidez, Udal Pintura Tailerrak ikasturtean zehar egindako sormen lanaren erakusgarri bat eskainiko dio publikoari. Horrenbestez, ikusgai jarriko ditu obretan erabilitako teknika eta estilo piktorikoen aniztasuna ez ezik, parte-hartzaile bakoitzaren bilakaera pertsonala eta artistikoa ere. Obra bakoitzaren atzean ikaskuntza, dedikazioa, sormena eta ilusioa daude, ikasturte osoan zehar garatutako prozesuaren parte izan diren elementuak.
Azken emaitzak erakusteaz gain, erakusketak aukera emango du tailerrak herritarrekin partekatu nahi izan duen sorkuntza-prozesua gertutik ezagutzeko. Ikasturtean zehar, ikasleek egindako proposamenak aldizka erakutsi dira tailerreko espazioko beirateetan, eta horri esker herritarrek udal zerbitzu honetan garatzen den sormen lanaren zati bat ezagutzeko aukera izan dute. Erakusketa txiki horiek artea eguneroko bizitzara hurbiltzen lagundu dute, eta aldi berean, ikasleei etengabeko erakusketa-esperientzia eskaini diete.
Ildo horretan, Udal Pintura Tailerrak sorkuntza artistikoa ikaskuntza, esperimentazioa eta hazkunde pertsonala uztartzen dituen ibilbide gisa ulertzen du, azken emaitza hutsetik harago. Ekaineko erakusketak urte osoan zehar partekatutako lanaren amaiera suposatzen du, eta ikasturtean landutako proposamenen aukeraketa bat biltzen du.
Ordutegia
Erakusketa astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara izango da ikusgai eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Udal Pintura Tailerrak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Ezkurdi aretora hurbildu eta erakusketaz gozatzera, ikasleek ikasturtean zehar egindako lana bertatik bertara ezagutzeko. Era berean, tailerretik eskerrak eman nahi zaizkie ikasturtean zehar tailerreko espazioan egindako erakusketak jarraitu dituzten pertsona guztiei.