Udal-zerbitzuak indartzeko lehenengo pausua eman du Sestaok
EEPan administrazio orokorreko, udaltzaingoko, liburutegiko, musika-eskolako, lorezaintzako eta udal-egoitzarekin lotutako zerbitzuetako plazak sartu dira
Astelehen honetan goizean, ekainaren 8an, Sestaoko Udalak ezagutzera eman du 2026. urteko Enplegu Eskaintza Publikoaren lehenengo fasea ontsi duela, plantilla antolatzeko eta pixkana udal-zerbitzu publikoak indartzeko beste urrats bat emanez.
Enplegu-eskaintza publikoak, lehenengo fase honetan, 26 plaza aurreikusten ditu, bai sistema irekian, bai barne-igoeran eta lekualdatze-lehiaketan. Besteak beste, honako plaza hauek daude: administrazio orokorreko teknikaria, administraria, musika-hizkuntzako irakaslea, liburutegiko laguntzailea, osasun-laguntzailea, lorezaina, komisario ondokoa, ofiziala, udaltzaina, lehen mailako udaltzaina, sukalde-arduraduna eta itzultzailea.
Sestaoko alkate den Gorka Alvarezek azpimarratu du onespen honi esker, “urrats garrantzitsua egin dela udalaren egitura indartzeko eta Udalaren erantzute-gaitasuna hobetzeko”. Ildo horri jarraikiz, aipatu du “Udaleko giza baliabideen egoera ez dela egun batetik bestera konpontzen, baina erabakiak hartu behar dira, planifikatu behar da eta aurreratu behar da onetsitakoaren ildotik”.
Álvarezek nabarmendu du gobernu-taldearen helburua dela “pixkana udal-plantilla antolatzea, langileen benetako beharrak betetzea eta herritarren arretarako funtsezkoak diren arloak indartzea”. “Udal indartsu batek egitura profesional nahikoa, egonkorra eta ondo antolatuta behar du. EEP, hain zuzen ere, bide horretatik doa”, gaineratu du. Enplegu-eskaintza publikoan presentzia handiena duen arlo bat da Udaltzaingoarena. Hala, udaltzainen eta aginte-egituraren plazak deitu dira. Alkateak azpimarratu du “herritarren segurtasuna, bizikidetza eta kaleetan presentzia lehentasunezkoak direla gobernu-taldearentzat, eta, horretarako, ezinbestekoa dela giza baliabide eskuragarriak indartzen jarraitzea”.
Bestalde, Giza Baliabideen zinegotzia den Jesús Amenedok azaldu du EEPa “lan sakon baten ondorioa dela udal-plantillaren egoera antolatzeko, dauden hutsak betetzeko eta Udaleko giza baliabideak hobe planifikatzen aurrera egiteko”. Amenedok azaldu du “espediente garrantzitsuaz ari garela. Zuhurtziaz izapidetu da, eta halabeharrezko prozesuak jarraitu ahal izango dira plazak bete eta erakundearen barne-funtzionamendua hobetzeko”.
2026ko EEParen lehenengo fase honen onespena Sestaoko Udalaren honako konpromiso hauetan kokatzen da: udal-zerbitzu publikoak hobetzea, enplegu publikoa egonkortzea eta pixkana toki-administrazioa modernizatzea.
Enplegu-eskaintza publikoa onetsi ondoren, Udaleko egoitza elektronikoan, Udaleko iragarkien oholtzan eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, indarreko araudiak xedatzen duen bezala.