Síguenos en redes sociales:

Getxoko Udalak Fadurako atletismo eta errugbi harmailen eraikina handituko du

7.000.000 euroko inbertsioa egingo du

Getxoko Udalak Fadurako atletismo eta errugbi harmailen eraikina handituko duG. U.

Getxoko Udalak 7.000.000 euroko inbertsioa egingo du Fadurako atletismo-pistaren eta errugbi zelaiaren eta Fadurako belodromoaren artean dagoen harmailen eraikina osorik berritzeko. Getxo Kirolakek argi berdea eman du obrari ekiteko kirol kluben lehiaketa-denboraldia amaitzen denean.

Eraikin berriaren azalera egungoaren bikoitza izango da: 1.313 m2 izatetik 2.742 m2 izatera igaroko da. Guztira, 7 milioi euro pasatxoko inbertsioa egingo da, eta 22 hilabete barru amaituta egongo dela uste da.

Lanak

Eraikin berria modu parte-hartzailean diseinatu da, eta tradizioz hura erabili izan duten kluben beharrak kontuan hartuta. Gimnasio bat, aldagelak eta biltegiak erabat berrituta dituen gune bat, erabilera anitzeko aretoak eta kirol erakundeen gestiorako bulego-espazioak izango ditu. Gainera, harmailen egungo estalkiaren ordez beste estalki bat jarriko da, eta haren diseinuan kontuan hartu da kokalekua, eguraldi txarra dagoenean jendearen erosotasuna hobetzeko. Obraren proiektuak, halaber, igogailu bat sartzen du eraikineko bi solairuen arteko irisgarritasuna bermatzeko, bai eta kirolarientzako eta jendearentzako sarrera bereiztuak ere. Horrela, sarbide-kontrol bat egongo da, eta kirolariak atletismo-pistara edo errugbi zelaira barruko pasillo batetik sartuko dira. Korridore horrek zuzenean komunikatuko ditu instalazioak aldagelen eremuarekin.

Thinking Fadurako testuinguruan diseinatu da eraikinaren eraberritzea eta handitzea. Fadurako kanpoaldea kirol-parke publiko bihurtzeko eta instalazioak berritzeko Getxo Kirolak-ek abian duen prozesua da Thinking Fadura. Hori dela eta, modu koordinatuan lan egin da klub eta elkarteekin, obraren eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen eta kirol-jarduera egin ahal izan dadin obrak iraungo duen bi urte inguruan.