Ortuellako Udalak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du aste honetan birziklatze eraginkorrago eta jasangarriago baten alde, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera edukiontzi marroi berria berrituz eta bere erabilera indartuz. Horrekin, datozen urteetako ingurumen erronkari helduko dio.
Gaur egun, edukiontzi grisera (errefuxa) botatzen diren hondakin askok behar bezala birziklatu ahal izango lirateke hondakin organikoen bilketaren bidez. Janari hondarrak, kafea, infusioak edo inausketa txikiak askotan gainerako hondakinekin batera amaitzen dira oraindik ere, eta horrek haien aprobetxamendua zaildu eta tratamenduaren kostua handitzen du.
Udalaren informazio kanpainan jasotako datuen arabera, gaur egun errefusaren edukiontzira botatzen diren hondakinak behar bezala birziklatuko balira, haien tratamendurako gastu publikoa % 48,6raino murriztu ahal izango litzateke, aurrezki hori zerbitzua hobetzera bideratuz.
2023an, Ortuellan ia 67 tona hondakin organiko bildu ziren, eta datu horrek herritarren inplikazioa erakusten duen arren, oraindik hobekuntza tarte handia dagoela ere agerian uzten du. Bizkaian konpostatze tasa % 1ekoa den bitartean, Ortuella oraindik % 0,2 inguruan dago; horregatik, helburua da herritarren parte-hartzea handitzen jarraitzea eta hondakinak etxean bertan hobeto bereiztea.
Bosgarren edukiontzia
Edukiontzi marroia modu egokian erabiltzeak hondakin organikoak konpost bihurtzea ahalbidetzen du; nekazaritzarako eta lorezaintzarako baliabide erabilgarri bihurtzen dira horrela, hondakinen zikloa itxiz eta eredu jasangarriago eta zirkularrago baten alde eginez.
Herritarrei informazioa ematen eta etxeetako birziklapena errazten jarraitzeko asmoz, Ortuellako Udalak sentsibilizazio kanpaina ezberdinak jarriko ditu martxan. Aurreikusitako ekintzen artean daude birziklapena nola egin behar den azaltzen duten iman informatiboen banaketa, baita hondakinak behar bezala bereizteko informazio praktikoa jasoko duten triptikoak ere.
Udaletik gogorarazi dute, gainera, garrantzitsua dela beti poltsa konpostagarriak erabiltzea eta herritarren eskura jarritako baliabideak aprobetxatzea. OKEren bidez, sarbide txartela eskatu eta doako poltsa konpostagarrien paketeak jaso daitezke, baita birziklapenari buruzko informazioa eta aholkularitza ere.
Ondo birziklatzea ez da ingurumenarekin lotutako kontu hutsa: guztion artean Ortuella garbiago, jasangarriago eta etorkizunarekin konprometituago bat eraikitzeko modua ere bada.