Astelehenean irekiko du Galdakaok Santakurtzetako pregoilaria proposatzeko epea
Astebetez izango dute herritarrek jaietako pregoilaria proposatzeko aukera, online zein udal eraikinetan jarriko diren hautetsontzien bidez
Datorren astelehenean, ekainaren 8an, irekiko du Galdakaoko Udalak Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko prozesu parte hartzailea. Orain dela gutxi, herritarrek Ardantza parkean izango diren kontzertu nagusiak aukeratu dituzte, eta orain jaiei hasiera nork emango dien erabakiko dute.
Datorren astean zehar, igandera arte, ekainak 14, galdakoztarrek izango dute jaiei hasiera emango dien pertsona, elkarte edo kolektiboa proposatzeko. Hautagaitzak herritarren udal parte hartze plataformaren bidez aurkeztu ahal izango dira, baita Torrezabal Kultur Etxean, Urreta kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzietan ere. Pertsona bakoitzak hautagai bakarra proposatu ahal izango du.
Behin proposamenak jasota, Udaleko Kultura eta Berdintasun arloek hautagaitzak aztertuko dituzte, ezarritako irizpideak betetzen direla bermatzeko. Ondoren, onartutako hautagaien zerrenda argitaratuko da, eta herritarrek ekainaren 22tik 30era bitartean izango dute euren botoa emateko aukera, proposamenak aurkezteko erabilitako bide berberen bidez.
Txupineroaren aukeraketa
Pregoilariarekin batera, txupineroa izango den pertsona ere aukeratuko da datozen asteetan. Kasu honetan, Jai Batzordeak egingo du aukeraketa, aurreko Santakurtzetanparte hartu duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten koadrillen artean zozketa eginez.
Generoari dagokionez, pregoilaria gizonezkoa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak emakumezko txupineroa proposatuko du, eta emakumezkoa bada, gizonezko txupineroa. Era berean, pregoilaria ez binarioa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du.
Parte hartze prozesu honen bidez, Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak herritarren inplikazioa sustatzen jarraitzen dute, Santakurtzak herritik eta herriarentzat eraikitzen jarraitzeko helburuarekin.