Síguenos en redes sociales:

Bizkaiko Aldundiak 440.000 euro banatuko ditu tokiko merkataritzarako laguntzetan

Hitzarmenen bidez, Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak 250.000 euro jasoko ditu merkataritza sustatzeko ekimenak garatzeko

Bizkaiko Aldundiak 440.000 euro banatuko ditu tokiko merkataritzarako laguntzetanBIZKAIDENDAK

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko merkataritza sektorea babesteko hiru lankidetza hitzarmen onartu ditu, guztira 440.000 euroko ekarpenarekin. Laguntzak zuzeneko diru laguntza izendunen bidez emango zaizkie Cecobi, Bizkaidendak eta BilbaoDendak erakundeei, Bizkaiko tokiko merkataritzaren ordezkari eta sustatzaile nagusietakoak direlako.

Foru erakundeak azaldu duenez, hitzarmenen helburu nagusiak dira sektorearen lehiakortasuna sustatzea, profesionalizazioa indartzea, eraldaketa digitala bultzatzea eta hurbileko zein hiriko merkataritza dinamizatzea.

Aldundiaren arabera, merkataritza “sektore dinamiko eta indartsua” da, eta interes sozial eta ekonomiko handia du lurraldearentzat. Izan ere, “funtsezko eginkizuna” betetzen du udalerri eta eskualdeetako eguneroko bizitzan, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeaz gain, kohesioa eta hurbiltasuna indartzen baititu eta kaleei zein herri eta hirietako inguruei bizia ematen baitie.

Hitzarmenen bidez, Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak 250.000 euro jasoko ditu merkataritza sustatzeko ekimenak garatzeko. Besteak beste, berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta hedapen ekintzak egingo ditu, taldeko prestakuntza saioak eskainiko ditu eta saltokiei aholkularitza pertsonalizatua emango die. Horrez gain, merkataritzaren eraldaketa digital adimendunari lotutako zikloak eta tailerrak antolatuko ditu, ‘Merkataritza Irekia Bizkaia’ ekimenaren barruan.

Bestalde, Bizkaidendak Bizkaiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Federazioak 140.000 euro jasoko ditu merkatariei eta sektoreko elkarteei laguntza integrala eskaintzeko. Kasu honetan, merkataritza kudeaketako teknika tradizionalak landuko dira, baina baita adimen artifizialaren aplikazioa ere negozioetan eta bezeroarekiko harremanean. Programak, gainera, mentoring pertsonalizatua eta eskualdeetako saltoki berritzaileen jardunbide egokien zabalkundea ere jasoko ditu.