Euskal Kopako finalak Tabiran jokatuko dira
Durango Euskadiko oinarrizko futbolaren eta emakumezkoen futbolaren topagune bihurtuko da berriro, eta federakundearen egutegiko hiru hitzordu nabarmenenetakoak hartuko ditu
Ostegun honetan goizean, maiatzaren 21ean, Tabirako instalazioetan Emakumezkoen Euskal Kopako, Gazteen Euskal Kopako eta Kadeteen Euskal Kopako finalak hartzeko lankidetza-akordioa sinatu eta aurkeztu dute Euskadiko Futbol Federakundeak eta Durangoko Udalak. Ekitaldian Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatesa eta Iker Goñi Euskadiko Futbol Federakundeko presidentea izan dira.
Durangoko alkatesak, Mireia Elkoroiribek, Tabiran Kadete, Gazte eta Emakumezkoen Euskal Futbol Kopak hartzeko gogo bizia agertu du. Alkatesaren esanetan, "ekitaldi hauek herria hunkitzeaz gain, udalerriaren eta herriko klub eta kirol taldeen konpromisoa indartzen dute, kirola kohesio sozialaren, balioetan oinarritutako hezkuntzaren eta dinamizazio ekonomikoaren eragile baita". Mireia Elkoroiribek Durango euskal futbolaren erreferente izateagatik harro dagoela azpimarratu du eta datozen asteetan lehiaketaz eta kirol giroaz gozatzera gonbidatu ditu herritarrak.
Balorazioak
Bestalde, Iker Goñik Durango eta Tabira euskal futbolaren lehiaketak egiteko egoitza gisa sendotu izana nabarmendu du: "Oso eskertuta gaude Durangoko Udalari egindako lanagatik eta Euskadiko Futbol Federakundearekiko hurbiltasunagatik. Guretzat erreferentziazko udala da, eta gero eta gehiago sakontzen dugu harekin dugun harremanean". Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak ere nabarmendu nahi izan du "C.D Durangoko S., C.D. Sasikoa, Ezkurdi K.T. edo Durangoko Sapuherriak F.T. bezalako klubek Euskal Kopak aurrera atera daitezen egiten duten lana eta ahalegina”.
Akordio horri esker, udalerria Euskadiko oinarrizko futbolaren eta emakumezkoen futbolaren topagune bihurtuko da berriro, federakundearen egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako hiru hartuz eta kirolarekin eta futbolaren maila guztietan sustapenarekin duen konpromisoa berretsiz.
Euskadiko Futbol Federakundeak eskerrak eman dizkio Durangoko Udalari Euskadin lehen mailako kirol ekitaldiak elkarrekin bultzatzen jarraitzeagatik.