Amorebieta-Etxanoko 18 establezimenduk hartu dute parte gaur bertan, maiatzaren 3an, amaitu den Jan Alai Burger izeneko lehiaketa gastronomikoan. Bertan, euren talentua eta sukaldaritza sormena hanburgesen bidez jarri dute lehian.

Izan ere, lehiaketak sormen-askatasuna izan du ardatz, eta establezimendu parte-hartzaileek proposamen berritzaile eta originalak aurkezteko aukera izan dute, osagai edo errezeta murrizketarik gabe, herritarrei zein bisitariei hanburgesa bereziak dastatzeko aukera eskainiz. 

Establezimendu irabazleak eta sariak

Lehiaketa amaitzeko sari banaketa egin da 18:00etan Zelaieta Zentroan. Ohi bezala, lehiaketak bi sari nagusi izan ditu: epaimahai bidez aukeratutako hanburgesa onenaren saria eta publikoaren saria. Hortik abiatuta, establezimendu irabazleak, besteak beste, beren sormenagatik, originaltasunagatik eta hanburgesen aurkezpenagatik izan dira sarituak. Jennifer Cardoso eta Victor Mejias-ek osatzen duten epaimahaiak zaporeen berrikuntza eta hanburgesen aurkezpena nabarmendu ditu, adituak eta ikusleak harrituta utziz.

Hala, hanburgesa onenaren kategorian, Harrison tabernak  jaso du lehen saria; establezimendu horrek, beraz, 1.000 euroko saria jaso du. Bigarren postua Lekuberri tabernarentzat izan da, hirugarrena, Batzokiarentzat laugarrena Amets tabernarentzat eta bosgarrena CocoLoko-rentzat.

Herri-bozketa eta publikoaren sariak

Epaimahai profesionalaren sariez gain, herritarrek euren hanburgesa gogokoenen alde bozkatzeko aukera izan dute. Herri-bozketaren arabera, hanburgesarik onena Singing Munch establezimenduarena izan da; honek 500 euroko saria irabazi baitu, bigarren postua CocoLoko izan da, hirugarrena Goizeder tabernarentzat.

Horretaz gain, beste sari bat ere izan da, 500 eurokoa, botoa eman duten parte-hartzaileen artean zozketatu dena, eta Ivan Aramburu Calvo-ri eman zaio.

Gastronomiarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa

Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten establezimendu guztiei eta modu aktiboan parte hartu duten herritar guztiei. Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu duenez, “ekimen honek tokiko ostalaritza indartzen laguntzen du, eta aldi berean, herritarrei eta bisitariei esperientzia gastronomiko berriak eskaintzeko aukera ematen die”.

Lehen edizio honek harrera ona izan du, eta etorkizunean antzeko ekimenek udalerriko eskaintza gastronomikoa aberasten jarraitzea espero da.