Durangoko Udaleko Osoko Bilkurak 1.593.945,72 euroko kreditua aldatzea onartu du, durangarrek aspalditik esperotako proiektu garrantzitsuetarako. Inbertsiorik handienen artean, honako hauek nabarmentzen dira: 960.000 euro Kapitanena osorik eraberritzeko, San Faustoko Auzogune berria izango dena, eta 174.320 euro bainu autogarbitzaile bat instalatzeko baita Muruetatorreko bidegurutzea berrurbanizatzeko ere. Gainera, Saibi kalea berrurbanizatzeko proiektua idazteko funtsak bideratuko dira, bertan kokatuko baita Adinekoen Zentroa, eta Durangoren nortasuna adierazten duen eskultura bat instalatzeko. 

Kreditu-aldaketak honako proiektu eta jarduera hauek finantzatuko ditu:

  • Kapitanena eraberritzea: 960.000 euro esleituko dira San Fausto auzoko azpiegitura garrantzitsu honen eraberritze integralerako. Proiektua dagoeneko aurreratuta dago, eta Kapitanena baserri historikoa San Faustoko Auzogune bilakatzea du helburu. Esku-hartzeak 1885ean eraikitako eraikinaren funtsari eutsiko dio, baina beheko solairua handitu egingo da, higiezina bizitegi-eremuarekin lotzeko. Birgaitze lanak 2026ko bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da, 10 hilabeteko epearekin, eta San Fausto auzoa gizarte, kultura eta elkarte jardueretarako zentro batez hornituz.
  • Muruetatorreko bidegurutzea berrurbanizatu eta bainu autogarbitzailea instalatuko da: 174.320 euroko inbertsioarekin, bainu autogarbitzailea instalatuko da eta bidegurutzea seguruago eta irisgarriago bilakatuko da.
  • Saibi kalea berrurbanizatzea: 15.000 euro erabiliko dira kale hori berrurbanizatzeko proiektua idazteko, honela belaunaldiarteko elkargune bat sortuz. Bertan kokatuko da Durangoko Adinekoen Zentroa.
  • Bide garbiketari eta hondakinen bilketari buruzko kontzientziazio kanpaina: 18.000 euro inbertituko dira herritarrek kaleak garbi mantentzearen eta hondakinen kudeaketa egokia errazteko sentsibilizatzeko informazio kanpaina batean bidez.
  • Arratoiak ekiditeko kanpaina: 6.050 euro bideratuko dira udalerrian karraskariak desagerrarazteko eta honela osasun publikoa hobetuko da. 
  • Garbiketa eta hondakinen bilketa (atzerapenen ordainketa): Guztira 80.000 euro erabiliko dira 2024ko eta 2025eko fakturen ordainketan izandako atzerapenak estaltzeko.
  • Durangoko nortasunerako eskulturaren diseinua eta instalazioa: 41.500 euroko aurrekontua bideratuko da, Durangoren nortasuna adieraziko duen eta herriaren elementu bereizgarri bihurtuko den eskultura bat sortzeko.
  • Bide publikoak mantentzeko ibilgailuak erostea: 95.000 euro erabiliko dira ibilgailu berriak erosteko, 25.000 euro sega-makina baterako eta 70.000 euro udal-brigadarako furgoi elektriko baterako.
  • Kirol arloko kontratu soziokulturalak: 7.500 euro bideratuko dira tokiko kirol ekitaldiak laguntzeko, Durango Txapeltxikia 2026 nabarmenduz, euskal zirkuituaren baitan burutzen den CrossFit ekitaldi inklusiboa.
  • Argiteria publikoaren desdoikuntzaren zuzenketa: 71.575,72 euroko esleituko dira argiteria publikorako partidan antzemandako desorekak zuzentzeko.
  • Informazioa prozesatzeko ekipoak: 30.000 euro erabiliko dira gailu mugikorrak berritzeko eta handitzeko, baita udalaren komunikazio-azpiegitura hobetzeko ere (WiFi, zuntz optikoa, sarbide-puntuak, etab.).
  • Administrazio elektronikoko aplikazio informatikoak: 80.000 euro inbertituko dira udal azpiegitura teknologikoaren euskarri, mantentze eta dokumentaziorako.
  • Udaltzaingoarentzako kanpoko beste lan batzuk: 10.500 euroko partida batekin, desfibriladoreak mantentzeko gastuak eta Udaltzaingoan aplikazio informatiko berri bat ezartzeko gastuak estaliko dira.
  • Udaltzaingoaren hainbat gastu: 4.500 euro bideratuko dira udal armazainaren giltza konpontzeko, gaur egun akats teknikoak baititu.

Finantziazioa

Kreditu-aldaketa hori diruzaintzako soberakinaren bidez finantzatuko da, eta zerbitzu publikoak hobetzea, herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna babestea eta kultura- eta kirol-jardueretan parte hartzea sustatzea izango dute helburu.

Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi duenez: “Inbertsio honekin, gure azpiegiturak berritzeaz gain, jendearen beharrei erantzuten ari gara, espazio irisgarriagoak, seguruagoak eta herritar guztiak barne hartuz. Durangok aurrera pauso sendoak ematen jarraitzen du, gure bizilagunek egunez egun behar dutena ziurtatuz.”