Datorren ostegunean, apirilaren 30an, Durangoko San Agustin Kulturguneak kirol arloan haur eta nerabeentzako ingurune seguruak sostatzeko sentsibilizazio jardunaldi bat jasoko du. Durangoko Udalak Durango Babesgune programaren baitan antolatutakoa, doako sarrera izango du.

Kirol klubetan, familietan, kirolarien artean eta, oro har, kirol arloarekin lotutako pertsonen artean adingabeen babesa bermatzeko arduradunei zuzendutako hitzaldi irekia da. Jardunaldia klubak osatzen dituzten eragileen gaitasunak indartzeko diseinatu da, balizko arrisku egoeren aurrean jarduteko tresna praktikoak eta ezagutza eguneratuak eskainiz.

Zentzu horretan, kirolean haurren babesean adituak diren hiru pertsonak parte hartuko dute topaketan: Iñaki Alonso, Kunina Sports & Education-eko kidea; Eukene Arana, Zain erakundekoa (haurren eta nerabeen babesa); eta Rocío Ybarra, Athleticeko Aterpe programakoa.

Hitzaldia

Saioan zehar, hizlariek klubei eta kirol erakundeei aplika dakizkiekeen esperientziak, jardunbide egokiak eta arrisku egoeren aurrean prebentzioa, hautematea eta esku-hartzea hobetzen laguntzeko tresnak tresnak partekatuko dituzte.

Jardunaldi honen helburu nagusia da kirolean adingabeentzako espazio seguruak bermatzeko beharraz sentsibilizatzea eta, aldi berean, Durangoko Udalak haurren babesean duen konpromisoari ikusgarritasuna ematea. Era berean, udalerriko kirol erakundeen sarea indartu nahi da, eta Durango haurren babeserako politiketan erreferente gisa kokatzen jarraitu.

Jardunaldian zehar helaraziko diren mezu nagusien artean azpimarratzen da kirola gune segurua, hezitzailea eta indarkeriarik gabekoa izan behar dela. Halaber, nabarmentzen da haurren babesa guztion ardura dela, eta klubek zein kirol elkarteek funtsezko zeregina dutela prebentzioan. Ildo horretan, prestakuntza eta sentsibilizazioa ezinbesteko tresnak dira arlo honetan aurrera egiteko. 

Jardunaldiaren kartela. D. U.

Durango Babesgune programak aspalditik dihardu udalerriko kirol erakundeei laguntza eskaintzen, haurren babesa indartzeko eta ingurune seguruak sortzeko helburuz. Testuinguru honetan, jardunaldia dagoeneko martxan dagoen elkarlan hori indartzeko aukera gisa aurkezten da.

Udalak dei egiten die kirol arloarekin eta adingabeekin lan egiten duten pertsonei, bai eta familiei ere, ekimen honetan aktiboki parte hartzera eta beren inguruneetan zabaltzera, izan ere, funtsezkoa baita udalerrian babes kultura sendo eta eraginkorra sendotzeko.