Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko erronkan aurrera doa Durangoko Udala. Oraingo honetan, indarrak batu ditu EBETErekin maiatzean zehar gurasoei zuzendutako hitzaldi ziklo bat eskaintzeko.
Alde batetik, euskara ulertzen dutenentzat, saioak euskaraz izango dira, eta, bestetik, euskara ez dakitenentzat, gaztelaniaz jarraitu ahal izango dituzte. Horrela, ikuspegi inklusiboa eta hainbat errealitate linguistikotara egokitua bermatzen da. Ekimenaren helburua da euskarak familian duen presentzia eta erabilera indartzea, eta hizkuntza ohiturei eta seme-alaben hizkuntzarekiko harremanari buruzko hausnarketa eta ikaskuntza gune bat proposatzen du.
Saioen edukiari dagokionez, zikloa maiatzeko astelehenetan egingo diren lau saiotan antolatuko. Lehen saioa maiatzaren 4an izango da, eta euskaraz Gure seme-alabei euskararekin eta hizkuntza ohiturekin laguntzeko erronka izenburupean egingo da. Saio honetan, eskolak euskararen transmisioan dituen mugak aztertzeaz gain, familiek seme-alaben euskararen erabilera sustatzeko izan dezaketen eginkizunari helduko zaio. Aldi berean, gaztelaniaz Disfrutando con los idiomas saioa eskainiko da, eta bertan euskara ikastearen garrantziaz eta gurasoek prozesu horretan duten eraginaz jardungo da.
Hitzaldiak
Bestalde, maiatzaren 11n, euskaraz Euskara sustatzeko baliabideak saioa eskainiko da, eta bertan hizkuntzaren erabilera, ezagutza eta motibazioa lantzeko hainbat baliabide jorratuko dira. Aldi berean, gaztelaniaz ¿Cómo ayudar con las tareas escolares si no sé euskera? saioa izango da, eta estrategia praktikoak eskainiko dira seme-alabei eskolako lanetan laguntzeko.
Ondoren, maiatzaren 18an, euskaraz Ipuina, euskaraz gozatzeko tresna saioa eskainiko da, eta bertan ipuinak landuko dira etxean euskararen presentzia areagotzeko baliabide gisa. Aldi berean, gaztelaniaz Impulsando la presencia del euskera en casa con cuentos saioa izango da, eta bertan baliabide hori nola erabili azalduko da, euskara jakin gabe ere.
Azkenik, maiatzaren 25ean, Opor kutxa saioa eskainiko da; bertan, zikloan zehar landutako baliabideak, tresnak eta dinamikak bilduko dira, baita saioan sortutako zalantzak eta hausnarketak ere. Aldi berean, gaztelaniazko saioan euskarazko hizkuntza-joko errazak proposatuko dira, oporretan erabiltzeko.
Saioak Durangoko Udal Euskaltegian izango dira 17:30etik 19:30era. Intresesdunek apirilaren 29ra bitarte egin dezakete izen-ematea esteka honen bitartez.
Horrela, Durangoko Udalak euskara sustatzeko duen konpromisoa sustatzen du, familiei euskara eguneroko bizitzan modu naturalean integratzeko tresna zehatzak eskainiz.