Síguenos en redes sociales:

Deustuko Unibertsitateak eta Aldundiak 'Begiraleak' programa abiarazi dute

Gizarte Ekintzako foru-diputatu Amaia Antxustegik eta NeuroLabeko ikertzaileek errehabilitazio kognitiboan oinarritutako esku-hartze horren emaitza positiboak aurkeztu dituzte

Deustuko Unibertsitateak eta Aldundiak 'Begiraleak' programa abiarazi duteBFA

Bizkaiko Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatea elkarrekin ahalegindu dira Bizkaiko biztanleen eta, bereziki, zaintzaileen eta mendekotasuna duten pertsonen premiei erantzuteko gai diren zerbitzu eta programak sustatzen. Erakundearteko lankidetza-esparru horretan, Deustuko Unibertsitateko Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologiako (NeuroLab) Olaia Lucas eta Agurne Sampedro ikertzaileek, foru-erakundearekin batera, Begiraleak proiektua jarri dute abian. Errehabilitazio kognitiborako programa aitzindaria da, eta bideratuta dago mendekotasuna duten 65 urtetik gorakoen eta haien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzera.

Gaurko aurkezpen-ekitaldian, Gizarte Ekintzako foru-diputatu Amaia Antxustegik ere hartu du parte, eta nabarmendu du, batetik, proiektu berritzailea dela eta, bestetik, oso baliagarria izan dela erakunde publikoen eta esparru akademikoaren arteko lankidetza. Halaber, Sestaoko etxeTICeko Vega Vargas zaintzaileak eta Aquilino Larrazabal erabiltzaileak hartu dute parte, eta beren lekukotza partekatu dute bai programaren garapenaz bai parte-hartzeak ekarritako onurez.

Hitzaldian, Amaia Antxustegik azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartu duela ebidentzian oinarritutako politika publikoak bultzatzeko eta unibertsitatearekiko aliantza estrategikoak indartzeko, zaintza-sistemaren gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egitearren. Ildo horretan, hau azpimarratu du: “Zientzia garrantzitsua da eutsi nahi badiegu zaintza sendo, eraginkor eta gero eta gizatiarragoei”. Horretaz gain, adierazi du beharrezkoa dela unibertsitate-eremuarekiko lankidetzan aritzea, hala jakintza sortzeko, nola datozen urteetan eremu hori gidatuko duten profesionalak prestatzeko. Antxustegiren hitzetan, Begiraleak proiektuak eta antzeko ekimenek bidea zabaltzen dute beste errealitate batzuk ikertzeko, esku-hartzeen inpaktua ebaluatzeko, eta etengabe hobetu ahal izateko etxeTIC zentroetan egiten den lana eta familientzako konpainia. Hala, aurrera egiten dute Gizarte Ekintza Sailak duen helburuetako batean, hau da, herritarren benetako premietara egokitutako hurbileko zerbitzu jasangarriak eskaintzeko helburuan.

Bestalde, Olaia Lucas eta Agurne Sampedro doktoreek azaldu dute errehabilitazio kognitiborako proiektu horren ardatza egituratutako esku-hartzeen programa bat dela, eta bertsio bereiziak eta berariaz egokituak daudela parte hartzen duen kolektibo bakoitzaren premien arabera. Lehenik eta behin, bizi‑kalitatearen faktore iragarleak identifikatzen dira (emozioen ezagutza eta memoria, nekea, antsietatea eta depresioa, autokonpasioa eta hautemandako gizarte‑laguntza), eta, ondoren, esku‑hartze eredu pertsonalizatua garatzen da. Ekimenak 12 asteko guztirako iraupena du, eta, gaur egun, etxeTICeko zentro hauetan dago ezarrita: Etxebarri, Karmelo, Estartetxe (Leioa), Sestao Berria eta Bizigura (Abanto‑Zierbena). Esku-hartzearen aurretik eta ondoren, parte-hartzaile bakoitzaren bilakaera aztertzeko, ebaluazio kliniko eta neuropsikologiko bana egiten dute parte-hartzaile guztiek. Saioak taldekakoak dira eta 90 minutu irauten dute. Adineko pertsonak badira, alderdi jakin batzuk lantzen dituzte, hala nola memoria, arreta, errekonozimendu emozionala eta trebetasun sozialak. Zaintzaileak badira, berriz, esku-hartzearen erdigunean emozioak eta harremanak egoten dira batez ere.

Ebaluazio psikologiko sakonen ondorengo atariko emaitzen arabera, bilakaera oso positiboa izan da. Parte-hartzaileak gusturago daude beren bizi-kalitatearekin, batez ere osasunari eta lotura pertsonalei dagokienez. Halaber, hobekuntza esanguratsuak nabaritu dira beste pertsona batzuen emozioak ulertzeko gaitasunean, eta, horri esker, errazagoa da enpatia eta pertsonarteko harremanak izatea. Funtzio kognitiboetan ere aurrera egiten da, hala nola arretan, oroimenean, hizkuntzan eta orientazioan, eta, horri esker, eguneroko bizimoduko jarduna hobetzen da. Azkenik, esku-hartzeak lagundu egiten du antsietate- eta depresio-sintomak asko murrizten, eta tristura, ezinegon eta urduritasun iraunkorreko egoerak arintzen.

Prebentzio teknologikorantz

Horretaz gain, Begiraleak proiektuaren bidez identifikatu nahi dute zein aldagairen bidez iragartzen den bilakaera hobea izango dela prebentziozko esku-hartzeetan. Orain arte bildutako datuei erreparatuta, bizi-kalitateak hobera egiten du batez ere pertsonak beren buruarekin atseginagoak badira, eta gaitasun handiago bat lortzen dute jakiteko besteen sentimenduak nolakoak diren, eta haiekin egoki jarduteko.

Ikerlanak erreklutamendu-fasean jarraitzen du, lagina zabaldu eta ondorio sendoagoak lortu nahi dituztelako. Hala ere, Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek azpimarratu dute lehen aurkikuntza horiei esker aurrera egin ahal izango dutela monitorizazio- eta prebentzio-estrategien diseinuan, teknologia berritzaileak oinarritzat hartuta, arrisku-egoerei aurrea hartzeko eta zaintzaileen eta mendekotasuna duten pertsonen ongizatea indartzeko.