Getxok 'Naturaren soinuak' ikastaroa eskainiko du
Jarduera 'Getxonatura, ezagutu eta zaindu' jardunaldien barruan kokatzen da
Datorren larunbatean, apirilaren 25ean, 18 urtetik gorako herritarrentzat bideratutako 'Naturaren soinuak' izeneko ikastaroa eskainiko du Getxoko Udalak. Zehazki Ingurumen sailak antolatzen du ekimena, eta erabat doakoa izango da.
Jarduera bi zatitan banatzen da: bata teorikoa, non gaiari buruzko atariko hitzaldi bat emango den, eta bestea praktikoa, Bolueko hezegunea bisitatzeko. Jarduera 'Getxonatura, ezagutu eta zaindu' jardunaldien barruan kokatzen da.
Aldez aurreko hitzaldia 16:00etan hasiko da, Romo Kultur Etxean, eta parte hartzaileei azalduko zaie zein den naturan bertan hobeto entzuteko eta grabatzeko beharrezkoa eta gomendagarria den materiala, baita zelaian ziurrenik entzun ahal izango diren espezieak zeintzuk diren ere.
Ondoren, iluntzean, taldeka ibilbide bat egingo da Bolueko hezegunean zehar. Bertan, atariko hitzaldian jasotako informazioa praktikan jarri ahal izango da, eta gure biodibertsitatearen jakintzaren bestelako alderdi horretaz, naturaren soinuez alegia, gozatu ahal izango da, ezagutzearekin batera. Borja Marcos Wildlife Sound Recording Societyko kide, SEO-Birdlifeko bazkide eta soinuaren munduan 30 urtetik gorako esperientzia duen naturalista zaleak emango du tailer praktiko hau, Xabier Buenetxea Getxoko Faunaren Jarraipen taldeko koordinatzailearekin batera.
Izena ematea
Ikastaroan parte hartzeko ohiko helbidean eman behar da izena: boluenatura@gmail.com. Grabagailua edo telefono mugikorra eramatea gomendatzen da, grabatzeko aplikazioren batekin, entzungailuak, ahal bada, eta, landa saiorako, zaratarik sortzen ez duen arropa.