Familia eremuan euskararen erabilera sustatzeko ekimena abiarazi du Durangok
Informazio bilerak San Agustin Kultur Gunean izango dira familientzako euskara tailer zikloa aurkezteko
Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko erronkan aurrera egin du Durangoko Udalak. Joan den otsailean familiek euskara ikasteari buruz dituzten beharrak eta itxaropenak ezagutzeko egindako azterlanaren ondoren, haiei bideratutako tailerrak eskainiko ditu Udalak.
Prozesu horren ondorioz, maiatzeko astelehen arratsaldeetan egingo den tailer eta hitzaldi ziklo bat diseinatu da. Ziklo hau guraso euskaldunei zein erdaldunei zuzenduta dago, eta euskara eguneroko bizitzan eta seme-alaben hezkuntzan txertatzeko tresna eta baliabide praktikoak eskaintzea du helburu. Landutako gaiek gazteen hizkuntza ohituretan eragin positiboa izateko eta testuinguru desberdinetan euskararen erabilera sustatzeko estrategiak izango dituzte.
Proiektuaren aurkezpen zehatza egiteko eta zalantzak argitzeko, Udalakapirilaren 21ean San Agustin Kultur Gunean egingo diren informazio bileretara joateko gonbitea luzatzen die interesa duten guztiei. Ordubeteko saio horiek bi ordutegitan egingo dira, parte-hartzea errazteko: lehenengo saioa: 10:30etik 11:30ra, eta bigarrena, arratsaldez, 18:30etik 19:30ra.
Xedea
Durangoko Udalak udalerriko familiei bideratuko dituen bilera horien helburua tailer eta hitzaldien zikloari buruzko informazio gehigarria ematea da, baita jarduerak zertan dauden eta Durangoko familiek horietaz nola baliatu ahal izango duten azaltzea ere.
Durangoko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu informazio bileretan bertaratzera eta proiektua ezagutzeko eta euskararen erabilera indartzeko.