Urtero bezala, uztailaren 1etik 30era bitartean izango dute lekua Galdakaoko Udalekuak. Aurten Aperribai, Urreta eta Gandasegi ikastetxeetan egingo dira, baita beste udal-espazio batzuetan ere, astelehenetik ostiralera bitartean, jaiegunak izan ezik. Bada, ostegun honetan goizean ireki egin du Udalak parte hartzeko izena emateko epea, apirilaren 26ra arte.

Ekimena 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, 2015eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoei, hain zuzen. Hala ere, desgaitasun psikikoa duten parte hartzaileek adin tarte hori urtebetez gaindituta izena emateko aukera izango dute. Galdakaon erroldatuta ez dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baina, ohi den bezala, galdakoztarrek lehentasuna izango dute plazak esleitzerakoan.

Udalekuak hiru txandatan antolatuko dira: uztailaren 1etik 15era, uztailaren 16tik 30era eta hilabete osoko txanda, uztailaren 1etik 30era. Ordutegi orokorra 09:30etik 13:30era izango da, eta kontziliazioa errazteko doako zerbitzu osagarriak eskainiko dira: goizetako harrera zerbitzua (08:30-09:30), jantoki zerbitzua (13:30-14:30) eta jantokia erabiltzen dutenentzako harrera zerbitzua (14:30-15:30).

2026ko hiri udalekuen prezioak honako hauek izango dira: 60 euro lehen edo bigarren txandarako (114 jantokiarekin) eta 120 euro hilabete osoko txandarako (228 jantokiarekin). Prezio horiek merkeagoak izango dira hobaria jasotzeko baldintzak betetzen dituztenentzat. 

Izen ematean berrikuntzak

Izen ematea online egin beharko da, Udalaren webgunearen bidez. Dirulaguntzarik eskatu ezean, izen ematea eta ordainketa une berean egingo dira, modu telematikoan.

Hobaria eskatu nahi duten familiek Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dute eskaera. Horretarako, beharrezkoa izango da ziurtagiri digitala edukitzea, hala nola BakQ. Identifikazio sistema hori ez dutenek ESAN herritarren arreta bulegora joan ahal izango dute izapidea aurrez aurre egiteko.

Hobariak esleitzerakoan hainbat irizpide hartuko dira kontuan, besteak beste, diru sarrerak, bankuko kontu korronteetako saldoak, finantza aktiboak, jasotako laguntzak eta jabetzak. Egiaztapenak egin ondoren, Udalak emailez edo telefonoz jakinaraziko du ordaindu beharreko tarifa, eta ordainketa maiatzaren 13a baino lehen egin beharko da.

Programaren helburu nagusia euskara ezagutza sendotzea eta haren erabilera modu naturalean sustatzea da, hizkuntza horretan bizikidetza espazioak sortuz. Horrez gain, jarduerek genero berdintasuna, kulturartekotasuna, ingurumenarekiko errespetua eta bizikidetza bezalako balioak sustatuko dituzte, aisialdi hezitzaile inklusiboa bultzatuz.