Uztailarekin batera helduko dira Markina-Xemeingo Karmen jaiak, eta herria hasi da dagoeneko motorrak berotzen. Alde batetik, jai batzordeak aurtengo kartel lehiaketako irabazleak jakinarazi ditu. Nagusien kategorian, hau da 16 urtetik gora, Edurne Arginzoniz Mendizabalek eraman du saria 'Kimua” izeneko lanarekin. Bestetik, ume eta gaztetxoen kategorian, 16 urtera arte, Ixone Ugartetxea Intxaustiren 'Alarabi be jolasten!' izan da kartel irabazlea. Aurten, guztira, 23 lan aurkeztu dira lehiaketara —7 nagusien sailean eta 16 umeen mailan—, eta sormen lan horiek guztiak ikusgai daude udaletxeko sarreran herritarren gozamenerako.

Honekin batera, jai batzorde parte-hartzaileetan adostutako musika egitarau askotarikoa prestatu da adin eta gustu guztietarako.

Jaiak uztailaren 15ean hasiko dira Orkresta Elektrotuna, Calzados Deportivo, Ganibet, La Furia eta DJ Guzurterak taldeen doinuekin. Hurrengo egunean, uztailaren 16an, Euskadi Brass eta Los Tenampas taldeen txanda izango da. Asteburura begira, uztailaren 17an Izan Bai, Tribade, Xiberoots eta DJ Om Lila igoko dira agertokira, eta uztailaren 18an Andoni Oilokiegi, Zutik Elektrotxaranga, Etzakit eta DJ Hermanikis arduratuko dira giroa argitzeaz. Azkenik, uztailaren 19an, Uxue eta Eztebe bikoteak itxiko du musika eskaintza saio akustiko batekin.

Herri Bazkarian eta Herritxouan parte hartzeko deialdia

Era berean, uztailaren 18an ospatuko den Karmen jaietako Herri Bazkarirako deialdia zabaldu da. Ekimen honetan talde moduan parte hartzeko beharrezkoa da 14 urtetik gora izatea, eta izen-ematea ekainaren 15etik 22ra bitartean egin beharko da udaletxean, txartel bakoitzeko 3 euro ordainduta.

Plazak mugatuak dira eta izen-ematearen hurrenkera zorrotz errespetatuko da. Horrez gain, Herritxouan parte hartu nahi dutenek ekainaren 22tik uztailaren 7ra bitartean eman ahalko dute izena, ekitaldi indartsu eta herrikoi honi forma emateko.