Síguenos en redes sociales:

Galdakaok harrera egin die Lituania eta Kroaziako ikasle talde bat

Iñigo Arriandiaga alkateak Erasmus truke programa bateko 50 ikasle eta 8 irakasleko taldea hartu du

Galdakaok harrera egin die Lituania eta Kroaziako ikasle talde batG. U.

Galdakaoko IES Elexaldeko ikasleak egun bereziak bizitzen ari dira, Lituaniako eta Kroaziako ikasle talde batekin Erasmus truke programa batean parte hartzen ari baitira. Hala, ostegun honetan goizean, apirilaren 16an, Udalak harrera egin die udaletxean.

Udaletxea bisitatu duen taldea 50 ikaslek eta 8 irakaslek osatu dute. Iñigo Arriandiaga alkateak ongietorria eman die osoko bilkuren aretoan, eta “asko ikasten egotea baita esperientziaz gozatzea ere” opa die gazteei. Ondoren, Galdakaoko eta Euskal Herriko zenbait berezitasun azaldu dizkie, euskararen garrantzia azpimarratuz: “gure hizkuntza propioa da, eta guretzat oso garrantzitsua”, esan du.

Era berean, Arriandiagak herriko eta Euskal Herriko kultura eta tradizioen balioa nabarmendu du, lurraldearen nortasunaren adierazle gisa. Zentzu horretan, pasarte historiko garrantzitsu batzuk aipatu ditu, hala nola Gernikako bonbardaketa, Galdakaokoaren lau egun aurretik izandakoa. Hain zuzen, gazteek Gernika bisitatu dute egunotan eta gaur argazkia egin dute pleno aretoko ‘Guernica’ koadroaren aurrean. Udaletxetik Galdakaoko Burdin Hesia ezagutzera joan dira ikasleak eta horren inguruan ere hitz egin die alkateak.

Alkatearen hitzaldiaren ondoren, bisitan etorri diren irakasleek izandako harrera eskertu dute, jendearen adeitasuna nabarmenduz eta Euskal Herria “ederra eta oso aberasgarria” iruditzen ari zaiela adieraziz. Euren esker ona adierazteko, haien lurraldeetako gozokiak eman dizkiote Arriandiagari.

Nazioarteko proiektua

Bisita ‘Create and Experience a Better Europe’ proiektuaren baitan kokatzen da; horren barne, IES Elexaldek Erasmus+ 2022-27 akreditazioa jaso zuen. Ekimen honek ikastetxearen dimentsio europarra indartzen du, eta kalitatezko eta nazioarteko hezkuntzarekiko konpromisoa sendotzen du.

Azken urteetan Grezia, Polonia, Alemania eta Italiako ikasleekin trukeak egin dira. Oraingoan, Lituaniako 6 ikasle eta Kroaziako 7 etorri dira, euren irakasleekin batera. Egonaldian zehar, jarduera kultural eta hezitzaileak egiten ari dira gazteak; hala, Gernika, Gaztelugatxe, Bilbo, Mundaka eta Donostia bisitatuko dituzte, herri kirolei buruzko hastapen saioa egingo dute eta baita liztor asiatikoari buruzkoa ere, tokiko kultura, ingurunea eta ingurumen sentsibilizazioa uztartuz.

Truke hauek ikasleei kultura eta hizkuntza murgilketa esperientziak bizitzeko aukera ematen diete, eta, aldi berean, elkarbizitza, jasangarritasuna eta Europako herritartasuna bezalako balioak lantzen dituzte. Halaber, hezkuntza ingurunea nazioarteko errealitate eta testuinguru berrietara irekitzea sustatzen dute.