Ostegun honetan, apirilaren 16an, emango dio hasiera Abanto-Zierbenako Udalak hilaren 25era arte luzatuko den Euskal Asteari. Hiru izango dira edizio honetako lokalizazio nagusiak: Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes.
Antzerki- eta kale-ikuskizunak, herri-martxa, ipuin-kontalariak, herri-kirolak, bi plazatan aldi berean egingo diren kantupoteoak eta eskolako jarduerak izango dira, besteak beste. Horien artean, Gallartako Txikito frontoia ‘Pasahitza’ saioaren roscoaren agertoki bihurtuko duen jarduera nabarmentzen da, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleekin.
Alazne Zenekorta Euskara zinegotziak adierazi duenez, “aste honek erakusten du euskarak ez duela espazio itxirik behar: plazan, frontoian, liburutegian eta telebistako lehiaketa formatu ezagunenetan ere baduela lekua”. “Helburua da gure herriko haurrek euskara modu naturalean, dibertigarrian eta bere modura bizitzea”, gaineratu du. Iñaki Urrutia del Cura alkateak, berriz, egitarauaren izaera bateratzailea azpimarratu du: “Euskal Asteak udalerriko hiru auzoak lotzen ditu, gure konpromisoak ez duelako barne-mugarik. Gallartak, Las Carrerasek eta Sanfuentesek elkarrekin ospatzen dute”.
Jarduera berezia
Egitarauko jarduerarik bereziena apirilaren 20an izango da, 10:30ean, Gallartako Txikito frontoian. Bertan, udalerriko Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek ‘Pasahitza’ saioaren erroskoa egingo dute, kirol gune bat eskola-plato bihurtuta. Ekimenaren helburua da euskararen erabilera gazteen artean ezagunak diren kultura-formatuetara zabaltzea.
Ikuskizunik ikusgarriena apirilaren 18ko larunbatean izango da, Gallartako Eusko Gudariak plazan. 18:30ean Alberto Bargos ipuin-kontalariak haurrentzako saioa eskainiko du. 21:00etan ‘Suak Su – Sorginen Irrintzia’ ikuskizunak dantza, musika, antzerkia eta kantua uztartuko ditu. 22:30ean Deabru Beltzak taldeak su-ikuskizun batekin amaituko du gaua. Eguraldi txarra eginez gero, jarduera guztiak Dolores Ibarruri plazara lekualdatuko dira. Apirilaren 19an Herri Martxa izango da protagonista. Dortsalen banaketa 10:00etan hasiko da Alberto Ezkurdia parkean, eta 10:30ean emango zaio irteera ibilbideari (Gallarta- Las Carreras- Sanfuentes). Helmuga 12:30ean izango da Sanfuenteseko frontoian, eta 13:00etan Txaloki Antzerki Taldeak ‘Hip Hip Ura’ ikuskizuna eskainiko du.
Azken egunak
Apirilaren 24ak jarduera gehien bilduko ditu. 9:45ean ‘Otso Etxean Uso’ txotxongilo ikuskizuna izango da Etorkizuna Ikastolan, eta 11:30ean DJ Kaktusek musika festa eskainiko du El Casal ikastetxean. Gauean, bi kantupoteo egingo dira aldi berean: Josepa Kale Kale taldea Las Carreraseko Haritzalde plazan eta Eingo taldea Gallartako Eusko Gudariak plazan.
Egitaraua apirilaren 25ean amaituko da. 12:00etan Sanfuenteseko frontoian herri-kirolak izango dira, haur eta gazteei zuzenduta. 17:00etan, Gallartako Eusko Gudariak plaza dantza-pista bihurtuko da Disko Arima festa diskorekin, ‘Familian Euskaraz Blai!’ programaren barruan.
Hasierako jardueren artean, apirilaren 16an Karmele Gisasolak topaketa egingo du IES Dolores Ibarruri institutuko DBH4ko ikasleekin, ‘Nahi Dudalako’ kanpainaren barruan. Apirilaren 22an, berriz, Alberto Bargosek ipuin-kontalari saio bat eskainiko du Las Carreraseko liburutegian.