Aurten ere, barrixe-Bizkaiko Berrikuntza Behatokiak babes industrialaren inguruko eskabideen urteko bilakaerari buruzko txostena egin du, eta, era berean, aurreko ekitaldiko emaitzekin ere erkatu du. Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta Bilboko Merkataritza Ganberak elkarrekin sustatutako ekimen horretan, Estatuko Patente eta Marken Bulegoak Bizkaian nahiz EAE osoan 2025ean patente nazionalen, diseinu industrialaren, erabilgarritasun-ereduen eta marka nazionalen inguruko eskabideei buruz bildu dituen datuak aztertu dira.

Patente nazionalen inguruko eskabideei dagokienez, Bizkaian nahiz EAE osoan gora egin dutela adierazi beharra dago. Hori dela eta, oraindik ere, eskualdeak agerpen aktiboa dauka jabetza industrialaren arloan, oraintsuko gehieneko mailen azpitik jarraitzen duen arren.

2025ean, Bizkaia berriro izan da liderra Euskal Autonomia Erkidegoko patente nazionalen inguruko eskabideen kopuruan, eta hazkuntza adierazgarria izan da, gainera, 2024an 22 eskabide egin zituelako; eta, 2025ean, ordea, 35.

Era berean, urte arteko erkaketan ikusten denez, Bizkaian 54 erabilgarritasun-eredu eskatu dira, 2024an erregistratutako 60ren aldean. Beherakada txikia izan den arren, oraindik ere lurraldea liderra da jabetza industrialaren erregistro horietan. Bestetik, modalitate hori Euskadi osoan ere jaitsi da, 118 eskabide egon direlako, hau da, aurreko urtean baino bederatzi gutxiago. Datu horien arabera, Estatuan kategoria horretan sortutako eskabideen % 4,2 egiten dira Euskadin.

Diseinu industrialari dagokionez, 2025ean Bizkaian 31 eskabide erregistratu dira guztira, hau da, aurreko ekitaldian baino hamalau gehiago. 2024an, Jabetza Industrialaren Adierazlea izan zen lurraldean gehien jaitsi zena (% 41,3ko beherakada). 2025ean, ordea, gehien hazi dena izan da, % 45,6 igo delako. Euskadi osoan ere, bilakaera ona izan da, 52 eskabide egin direlako, hau da, 2024an baino hamazazpi gehiago.

Bestetik, marka nazionalak ia-ia ez dira aldatu Bizkaian, nahiz eta zertxobait hazi diren. Izan ere, 1.066 erregistratu dira, hau da, aurreko urtean baino 116 gehiago eta Euskadi osoan egindakoen erdiak ia-ia. Gainerako lurralde historikoetan, bilakaera ia-ia egonkorra izan denez, EAE osoan 1.965 eskabide erregistratu dira 2025ean, hau da, aurreko ekitaldian baino zertxobait gehiago eta Estatu osoan egindakoen %3,4.

Babes industrialaren bilakaerari buruzko hausnarketa

2025eko eskabideen bilakaeraren arabera, Bizkaian nahiz EAEren gaineratikoan, dinamika mistoa izan da jabetza industrialari dagokionez.

Babes industrialerako sistemei erreparatuz gero, markaren erregistroa alde batera utzita, agerian jartzen da 2025ean enpresek erabilgarritasun-ereduak aukeratzen dituztela oraindik, nahiz eta aurreko urtearen aldean zertxobait jaitsi diren. Honako posizio hauek aldatu egin dira, ordea: 2024an, diseinu industrialak bigarren postuan eta patente nazionalak hirugarren postuan zeuden kokatuta, baina 2025ean hurrenkera hori aldatu egin denez, patenteak bigarren postura igo dira, eta diseinu industrialak hirugarren postura jaitsi dira.

Enpresek erabilgarritasun-ereduak gustukoago dituztenez, badirudi pixkanakako hobekuntza teknologikoetaranzko ikuspegi pragmatikoagoa dutela, merkatu lehiakorrera azkar-azkar egokitzeko premiari emandako erantzun moduan, seguruenik. 

Bestetik, 2025ean patente nazionalen inguruko eskabideak zertxobait hazi diren arren, zenbakiak aurreko urteetakoak baino askoz txikiagoak izan dira berriro. Baliteke Bizkaian beherakada hori gertatu izana, enpresek nahiago dutelako euren asmakizunak sistema europarraren bidez izapidetu, lurralde-estaldura askoz zabalagoa eskaintzen duela kontuan hartuta.

Patente europarra aukeratzean, eskabide bakar baten bidez, asmakizun berbera babesten da zenbait herrialdetan, patente nazionalek emandako babesa herrialde bakar batera mugatzen dela kontuan hartuta. Azalera geografiko zabalago hori oso erakargarria da nazioartean ezarri nahi duten enpresentzat, errazago sartzen direlako merkatu atzerritarretan. Horrez gain, patente europarra edukiz gero, enpresa bera berritzaileagoa dela eta kaudimen tekniko handiagoa duela dirudienez, sarritan oso lagungarria izan daiteke inbertsioa erakartzeko eta beste herrialde batzuetako bazkideen aliantza estrategikoak ezartzeko orduan.

Babes industrialaren erabilgarritasuna

Enpresa-jarduera (ekintzailetzarekin lotutakoa, batez ere) konturatu egin behar da bere garapenak babestea elementu erabakigarria dela, gaur egun jakintza abantaila lehiakorren oinarria dela kontuan hartuta. Patenteak, hain zuzen ere, funtsezkoak dira, balio ekonomikoko eskubide esklusiboak eskaintzen dituztelako eta hirugarrenekin indar handiko posiziotik negoziatzeko aukera ematen dutelako. 

Beraz, ekintzaileek euren aktiboak babesten ez badituzte, arrisku nabaria hartzen dute euren gain, lehiakideen aurrean ez luketelako edukiko haien asmakizunak babesten dituen lege-tresnarik. Gainera, ez dago beste alternatibarik eskubideak patenteak bezalaxe bermatzen dituenik. Inbertsiogileek ere esklusibotasun hori eskatzen dute, euren baliabideak proiekturen batean sartzeko asmoa dutenean. Hori dela eta, babesa funtsezko betekizuna da finantzaketa erakartzeko orduan. 

Era berean, patenteak funtsezkoak dira ETEak nazioartean ezartzeko prozesuetan, beharrezko estaldura eskaintzen dutelako beste herrialde batzuetako banatzaileekin edo fabrikatzaileekin negoziatzeko orduan. Ustiatuz gero, etekin zuzenak lortu ditzakete merkatu estrategikoetan erabiltzean edo ekintzaileentzat hain erakargarriak ez diren lurraldeetan lizentziak esleitzean edo patentea saltzean.

Azkenik, inguruko enpresen patenteen jarraipena eta zaintzari esker, lehiakideen lerro estrategiko eta komertzialak zein diren antzeman daitekeenez, jarduera berritzailea bera bideratzeko informazio baliotsua lortzen da.

ETE askok oztopoak dituzte euren jabetza industriala babesteko urratsa ematean, barrixek egindako txostenean adierazten den bezala, ez dakitelako nola ezartzen den eta nolako aukerak ematen dituen txanpontzeko orduan. 

Pertzepzio hori ez dator bat zenbait azterlanetako emaitzekin, ageri-agerian uzten dutelako nolako etekinak lortzen diren sistema horiek erabiltzen direnean. Izan ere, Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoaren esanetan (EUIPO), jabetza intelektualaren eskubideak erregistratuta dituzten enpresen % 93k eragin ona antzeman dute euren negozioan, eta % 60k baieztatu egin dute erregistro horiek haien irudia eta ospe korporatiboa hobetu dituztela.

Testuinguru horretan, Bizkaian eta EAE osoan, ezinbestekoa da jabetza industrialaren kultura handiagorantz aurrera egitea, ekoizpen-sarea indartzeko eta jakintzan oinarritutako eredu ekonomikoa sendotzeko. Norberaren garapenen babesak lehiakortasuna sustatzen du, baina, horrez gain, hazteko, elkarrekin lan egiteko eta merkatu globaletara iristeko aukera berriak ere eskaintzen ditu. Beraz, etorkizunerako inbertsioa da gero eta enpresa gehiagok (ETEak eta proiektu ekintzaileak, batez ere) euren estrategian horrelako tresnak ezartzea, eragin zuzena daukatelako lurraldearen gaitasun berritzailean eta gero eta egoera zorrotzagoan duten posizioan.