MusEkintzak jarduera berriak iragarri ditu
La Encartada Fabrika-Museoak '¿Verdad o mentira?' antzerki-esperientzia hartuko du apirilaren 18an
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako MusEkintza jaialdiak jarduera berriak iragarri ditu foru museotara arte eszenikoak hurbiltzen jarraitzeko. Apirilaren 18an, 12:00etatik aurrera, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak ¿Verdad o mentira? izeneko antzerki-proposamena jasoko du.
Bisita gidatuan Gurutze Beitia, Itziar Lazcano, Leire Orbe, Josu Angulo eta Alfonso Díez izango dira, Marta Urcelay eta Braulio Cortésen zuzendaritzapean.
Oraingo honetan jendea ehun urte baino gehiagoko fabrikan barneratuko da, argitu beharko duten bilbe bati jarraituz. Esperientziak 1937ra eramaten gaitu, Gerra Zibilera, La Encartadako makinak etengabe martxan ari zirenean. Guztia lantegian bertan egindako manta batetik abiatzen da, egia erdiekin, oroitzapen zatikatuekin eta engainu posibleekin eraikitako misterioa sortzen duen objektutik. Publikoa gai ote da zer den egia eta zer gezurra jakiteko?
Espazio berezi honetarako berariaz sortutako antzezpenak ikusleak museoko hainbat txokotan zehar ibiliko diren taldeetan banatzen ditu, pertsonaia bakoitzak gertakarien bere bertsioa eskaintzen duen bitartean, ikusleek bakarrik berregin ahal izango duten puzzle narratibo batera pieza berriak ekarriz.
Ez da kasualitatea: Maiatzaren 9an Muñatones gazteluan (erreserbak apirilaren 9tik aurrera)
MusEkintzaren egitarauaren barruan Ez da kasualitatea eskainiko da, bertso saio feminista, maiatzaren 9an, 19:00etan, Muskizeko Muñatones Gazteluan. Erreserbak apirilaren 9an irekiko dira eta bertaratzeko ezinbestekoak izango dira.
Ez da kasualitatea berdintasun teknikari batek eskatuta emakumezko hainbat bertsolari, moderatzaile eta musikari bertso saio feminista bat antolatzeko bildu zirenean jaio zen. Harrezkero saio ugari egin dira Euskal Herriko plazetan, eta erreferentziazko ikuskizuna bihurtu da.
Bat-bateko musika-emanaldia da, eta bertsolariek gitarra, biolina eta saxoa oinarri hartuta sortzen dituzte bertsoak, moderatzaileak proposatutako gaietatik abiatuta. Umorea, jolasa, hausnarketa eta interpreteen, musikaren eta bertsoen arteko konplizitatea uztartzen dituen euskarazko ikuskizuna da.
MusEkintzari buruz
MusEkintzak Bizkaiko museoak eta enklabe historikoak agertoki berezi bihurtzen ditu antzerkia, dantza, musika, umorea eta esperientzia murgiltzaileak uztartzen dituen programazioaren bidez. Ibilbide artistiko honen parte dira, besteak beste, Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Muñatones Gaztelua eta El Pobaleko Burdinola (Muskiz) edo Arkeologia Museoa (Bilbo).