Urtero bezala, Durangoko Udalak 1937an izandako bonbardaketa oroitu du astearte honetan goizean, martxoaren 31n, ekitaldi hunkigarri batekin. Bertan eraso hartan hil ziren 213 pertsonak ekartzen ditu gogora, baita gerraren ondorioak pairatu zituzten biktima guztiak ere.
Oroitzapenezko jardunaldia goizeko lehen orduan hasi da Santa Maria elizpean; bertan, 8:30ean, lehen aire-erasoa ekarri duen alarmaren hotsa entzun da. Ondoren, suontzia piztu da, Durangok memoriarekin, biktimen duintasunarekin eta etorkizun baketsua eraikitzeko duen konpromisoaren sinbolo gisa. Jarraian, 10:00etan, lore-eskaintza egin da Durangoko hilerrian, hildako pertsonen oroimenez.
Ekitaldi instituzionalean, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi du “data batzuk ez direla denborarekin desagertzen”, eta 1937ko martxoaren 31 udalerriaren nortasun kolektiboaren parte izaten jarraitzen duela. Ildo horretan, zenbakien atzean “indarkeriaz eta bidegabeki zapuztutako bizitzak, istorioak eta proiektuak” daudela azpimarratu du, memoria bizirik mantentzearen garrantzia nabarmenduz.
Era berean, azaldu du urte luzez pertsona askoren sufrimendua ez zela behar bezala aitortu, eta nabarmendu du “oroitzea ere bada egia aitortzea, egiari lekua ematea eta biktimak eta haien familiak duintzea”. Alkateak gaineratu duenez, min hori partekatua izan zen eta udalerritik harago zabaldu zen, eskualde osoari eraginez.
Senidetzea
Testuinguru horretan, Elkoroiribek azaldu du Durangoko Udala lanean ari dela Gerra Zibilean bonbardaketak jasan zituzten udalerrien arteko senidetzea bultzatzeko, Gernikarekin hasita.
Horrez gain, denboran zehar memoria bizirik mantentzen lagundu duten pertsona guztiak aitortu nahi izan ditu, baita gertatutakoa egungo errealitatearekin lotu ere, munduko hainbat lekutan gerrak sufrimendua eragiten jarraitzen duela azpimarratuz. Zentzu horretan, adierazi du ekitaldi hau enpatia eta elkartasun ariketa ere badela.
Programazioak arratsaldean jarraituko du. 17:45ean berriro entzungo da alarmaren hotsa, bigarren aire-erasoaren oroimenez. Azkenik, 19:30ean, Santa Maria elizpean martxoaren 31ko ekitaldia egingo da, Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin Dantza Taldeak antolatuta, eta horrekin emango zaio amaiera oroitzapen-jardunaldiari.
Ekitaldi honekin, Durangok memoriarekin, egiarekin, justiziarekin eta bakearekin duen konpromisoa berresten du, baita balio horiek etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko borondatea ere.