Lekeitiok Dantzazale Eguna antolatuko du maiatzaren 9an. Herritar guztiei zuzendutako jai irekia izango da, dantza gustuko duten guztiek elkarrekin dantzatzeko aukera izan dezaten.
Aurten ospatuko den Dantzazale eguna berezia izango da. Alde batetik, AIKO Taldearen 20. urteurrenarekin bat egingo du; eta bestetik, ETBk ekitaldiaren grabaketa berezia egingo duelako. Horri esker, Lekeitioko giroa eta dantza tradizioa Euskal Herri osora zabaltzeko aukera izango da.
Lekeitio herri bizia eta kulturalki aberatsa da, eta bere historian zehar musikak eta dantzak presentzia berezia izan dute herriko bizitzan. Bestalde, Lekeitiok lotura estua du euskal kulturaren ikerketarekin ere. Bertan jaio zen Resurrección María de Azkue, euskal musikaren eta ahozko tradizioaren ikertzaile eta biltzaile nagusietako bat. Haren lanari esker euskal ondare musikalaren zati handi bat gaur egunera arte iritsi da. Testuinguru horretan sortu da Dantzazale Eguna, Lekeition dantza partekatua sustatzeko helburuarekin.
Bestalde, AIKO Taldea musika eta dantza tradizionaleko profesionalen taldea da, eta 2006tik euskal ondare musikala eta koreografikoa ikertu, berritu eta zabaltzen ari da. Bere ibilbidean milaka ikasle igaro dira taldearen dantza eskoletatik, hainbat disko grabatu dituzte eta ehunka erromeria, jaialdi eta ikastaro eskaini dituzte. Horrez gain, taldeak lotura berezia du Lekeitiorekin, urte askotan dantza eskolak eman baititu ikastetxeetan, eta herrian ikasle eta dantzazale ugari baititu.
Dantzazale Eguna prestatzeko, AIKO Taldeak dantza tailer irekiak eskainiko ditu aurreko asteetan. Tailer hauetan ikasitako dantzak maiatzaren 9ko jaian bertan dantzatuko dira. Hauek eguerdiko 12.00etan izango dira Plazan, -eguraldi txarra eginez gero elizapean egingo dira-, egun hauetan: apirilak 11, 18 eta maiatzak 2.