Bizkaiko Foru Aldundiak 1,1 milioi euroko aurrekontua bideratuko du nahi ez den bakardadeari aurre egiteko. Horretarako, garapen komunitarioaren arloan lan egiten duten hainbat erakunderekin batuko ditu indarrak. Jardunaldi horretan, besteak beste, aurkeztu egin da aurtengo dirulaguntzetarako dekretua, jarraitzen duena babesten arlo honetan garatutako proiektuak.

Dekretua Bizkaisare 2030 Estrategiaren barruan kokatzen da, eta estrategia horretan sartzen da ere Bizkaisare Herriz Herri, udalekin eta mankomunitateekin batera koordinatzeko eta planifikatzeko lana; baita web-orria, eta hainbat monografiko egin eta argitaratzea ere.

Entitateei dirulaguntzak emateko 2026ko dekretua aurreko urtekoan oinarritzen da. Pasa den urteko dekretuak hasiera eman zien foru-politika hauei, eta aipatutako 1,1 milioiak izan zituen gizarte-kohesioa sendotzeko eta nahi ez den bakardadea prebenitzeko. Dekretu horren bidez 18 proiektu finantzatu dira, 10.300 pertsonekin lanean ari diren 15 erakundek bultzatuta.

Entitateekin egin den topaketan Teresa Laespada diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak hartu du parte. Bertan honako hau adierazi du bakardadeari buruz: “sozialki eraikitako kondizia da, eta oso eragin handia dauka pertsona kalteberenetan”. “Bakardadea, funtsean, akatsa da gure kontratu sozialean. Eta kontratu sozial horrek komunitatea eraikitzen dugun guzti-guztiok interpelatzen gaitu” nabarmendu du Laespadak.

Gaur egungo egoera

Azaldu duenez, “gaur egungo egoeraren irakurketa zorrotza egitea ezinbestekoa da, politikak diseinatzeko, erretorikoak ez direnak, baizik eta eraldatzaileak”. Izan ere, “desberdinkeria-forma berriek markatutako garaiak dira hauek. Lehendik zeudenen gainean pilatzen dira, eta haietako asko ikusezinak eta isilak dira, baina sakon sartuta daude egituran”.

Ildo horretan, adierazi du bakardadea gai politikoa dela, “berridatzi behar den gizarte´-kontratuaren sintoma, guztiok elkarrekin nola bizi nahi dugun birpentsatu beharra gogorarazten diguna”. Horrez gain, honako hau adierazi du: “testuinguru hauskor eta zorrotz honetan komunitatea pentsatzea ez da aukera bat, larrialdi demokratikoa baizik; osasun publikoko erraminta da, gizarte-justiziako politika”.

Pasa den urteko ekitaldian komunitate-ekintza udalerrietan sartu zen.  Aldundiak finantzatuta eta sustatuta, eta Agintzari eta Home Care Laberekin (SSI) sinatutako hitzarmenaren bidez, hasiera eman zaio dagoeneko Bizkaisare Herriz Herri ekimenari. Prozesu horren bidez udalerri eta mankomunitateei laguntza ematen zaie, tokiko planak egin ditzaten, gizarte-kohesioa landu eta bakardadea prebenitzeko. 

Hori guztia aipatutako Bizkaisare web-orriaren laguntzarekin. Web-orri hori gizarte-kohesiorako plaza publiko digitala da, estrategiaren proiektuak, deialdiak, ezagutza, esperientziak, metodologia eta berrikuntzak biltzen dituena. Era berean, monografikoen bilduma gehitu behar da. Hasteko bi monografiko egin dira: bat Matia fundazioak egindakoa, egiturazko gizarte-fenomenoa den bakardadeari buruzkoa, eta bestea, SIIS fundazioak egindakoa, nazioarteko ikuspuntutik abiatuta, eremu komunitarioan egindako esku-hartzeen eraginkortasunari buruzkoa.

Bizkaisare estrategia

Garapen komunitarioko ekintzak eta nahi ez den bakardadea prebenitzeko lana helburu nagusitzat jo ditu agintaldi honetarako Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak. Horregatik 2024ko ekainean abian jarri zen Bizkaisare 2030 Estrategia, gizarte-kohesioaren alde eta nahi ez den bakardadearen aurka.

Belaunaldien arteko harremanak, aniztasunaren auzia edo bakardadearen arreta hobetzeko ekimena da Bizkaisare. Bakardadea eragiten duten arrakalak ixteko ekimena. Garapen komunitarioa sustatu eta gizarte-harremanak sendotzeko, bakardadea prebenitzeko eta hari aurre egiteko” azaldu du Laespada diputatuak.

Aldarrikatu du “erantzuna komunitatean dagoela ikuspegi ireki eta inklusiboaren bidez, belaunaldien arteko bizikidetzarako eta gizarte-hobekuntzarako gune bat lantzeko”. “Bizkaisarek sareak josi eta komunitatea eta pertsonen arteko harremanak sendotu nahi ditu” azpimarratu du Laespadak.

Adierazi duenez, bidegabekeria sozialek “gizarte-kohesioa ahultzen dute”. “Bidegabekeriak arrakalak dira, sistemaren zuloak; horietan zehar populismoa eta totalitarismoa sartzen dira oharkabean, eta gurea bezalako gizarte anitzetan bizikidetza demokratikoa hondatzen dute”.

Ildo horretan, ohartarazi du bizi dugun ingurumen ekonomiko, sozial eta politikoak “arrakala eta desberdintasun” berriak sortzen dituela eta areagotu egiten ditu dagoeneko bazirenak, tokiko mailan zein globalean.

Bere ustez, gizarte aurreratuak gara eta gero eta konplexuagoak, eta funtsezko gaiak dira trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala, trantsizio demografikoa, nazioarteko migrazioak, gizartearen zahartzea, tentsio geopolitikoak, hirigintza-aldaketak auzo eta herrietan, genero-desberdintasun arrakalaren edo pobreziaren iraunkortasuna.