2025eko martxotik gaur arte, 15 egitasmo burutu ditu 'Bizkaian Bagara. Berbak zubi' egitasmoak. Euskararen erabilera handitzea, hizkuntzaren biziberritze prozesuan urrats berriak ematea eta biztanleria-sektore berrietara normaltasunez hurbiltzea dira proiektu honen ardatz nagusiak, eta dagoeneko lurraldeko 8 eskualdetako 20 herritara iritsi da. Hiru urteren buruan, euskararen erabileraren inguruan askotariko bizkaitar euskaltzaleak aktibatzea eta antolatzea du helburu programak.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak ekimenak bizkaitarren aldetik izan duen "harrera ona" azpimarratu zuen eta "euskararen aldeko indarrak batzen jarraitzeko" deia egin zien guztiei. Bestalde, Taupa Mugimenduko Jaione Mendizabalek azaldu zuenez, eremu bakoitzeko hizkuntza-errealitatearen arabera, modu eta adin oso desberdinetako biztanle-taldeetan lan egin da euskara aktibatzeko eta gizarte osoa euskarara hurbiltzeko.
Urte honetan zehar, mota ezberdinetako proiektuak jarri dira martxan, lurraldearen euskararen saretzearen eta aktibazioaren araberako diagnosia oinarri hartuta. Izan ere, erabileran eragiteko hiru lan-ildo eta esku-hartze sorta bat irudikatu dira programaren baitan:
- Tokian tokiko euskaltzaleen aktibazioa eta saretzea bultzatzeko bi motatako prozesu parte-hartzaileak: Gogoeta saioak eta Batera jauzi prozesua.
- Aniztasunaren kudeaketa, euskarara hurbiltzeko baliabideak eskainiz, Auzoko elkarrizketen bitartez.
- Gazteen eta familien arteko erabilera sustatzeko ekimenak, Elkarrizketa musikatuekin eta Euskararen Kriseiluarekin.
Ekimenak herriz herri
Elkarrizketa musikatuak
Musika aitzakia hartuta, gazteen euskararekiko lotura indartu eta sentsibilizazioan eragiteko helburuarekin, gazteei zuzendutako Elkarrizketa Musikatuak antolatu dira hainbat herritan, bertako udalekin eta ikastetxeekin elkarlanean, hala nola, Mungian, Ondarroan, Ermuan, Gernika-Lumon, Amorebieta-Etxanon eta Arrigorriagan. Kulturgile erreferenteek euren hizkuntza bizipenak partekatu dituzte DBHko 12 eta 16 urte bitarteko 2.074 gazterekin, 2025eko urriaren 23tik azaroaren 26ra bitartean.
Euskararen kriseilua
Familia transmisioa lantzeko helburuz, Euskararen Kriseilua ekimena gauzatu da Enkarterrietako 9 herritan: Balmaseda, Turtzio, Zalla, Artzentales, Sopuerta, Karrantza, Sodupe, Gordexola eta Alonsotegin, hain zuzen. Hamabi ikastetxek eta 298 familiak hartu dute parte ekimenean, 2025 urria eta abendua bitartean. Proiektu honek eremu intimoan euskararen erabileraren inguruko gogoeta sustatzen du eta familiak euskara gehiago erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzera gonbidatzen ditu.
Gogoeta saioak
Euskaltzaleen sarea zabaldu eta aberasteko, Gogoeta Saioak antolatu dira Urdulizen eta Abanto-Zierbenan. 2025eko urrian hasi eta 2026ko otsaila-martxoa bitartean burutu dira prozesuak eta, bertan, tokiko hainbat eragile eta herritarrek elkarlanean jardun dute euren herriko errealitatea euskaldunagoa izan dadin zer egin gogoetatzen.
Auzoko elkarrizketak
Elkarrizketan oinarritutako herri dinamika honen helburua hizkuntza eta kultura aniztasuna bistaratu eta balorean jartzea da, euskara erdigunean kokatuta. Otsailaren 21eko Ama Hizkuntzen Nazioarteko eguna baliatuz, Erandioko Udalarekin eta Berbots elkartearekin elkarlanean egin zen saio bat. Martxoaren 10ean Bilboko Deustuko auzoan egin zen Berbaizu elkartearekin elkarlanean eta, martxoaren 28an, Sestaon izango da, bertako udalarekin eta eragileekin batera antolatutako saioa. Horietan guztietan euskaratik urrun bizi diren herritarrak gertuago daudenekin elkarrizketan jarriko dira, euskararen inguruan.
Batera jauzi
Arrigorriagan, berriz, Batera Jauzi prozesua abiatu dute datorren hamarraldian herria euskaldunagoa izan dadin adostutako baldintzetatik abiatuta. Horiek lortzera begira, datorren euskararen egunean 'Herri ituna' aurkezteko asmoa dute.