Aurrera doa Sopelako Udala udalerriko zerbitzuetan digitalizazio-prozesua ezartzen. Oraingo honetan, Osoko Bilkurak webgunearen bidez ikusteko tresna berri bat estreinatu dute, bideo aktak izenekoa.

Saio horietako edukiak puntuka sailkatuta erakusten ditu, eta hizlari bakoitzaren arabera zehaztuta. Gainera, azpititulatuta ikusteko aukera ere eskaintzen du, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Udalak Goiena Komunikazio Taldea kontratatu du zeregin horretarako.

Bideo grabazio huts izatetik, bideo aktarako jauzia egin du hala Udalak. Bideoaren ondoan bilkurako gaien zerrenda ageri da: erabiltzaileak aukera dezake osorik ala puntu bat edo beste ikusi nahi duen, eta, era berean, puntu bakoitzean hitz egiten duen hizlariaren araberako sailkapena ere egiten du. Hau da, zinegotziek zein alkateak berba egiten dutenean minutu eta segundu konkretu horietara joateko aukera dago.

Ikusteko aukerak

Azpititulurik gabe edo azpititulatuta ikus daitezke bideoak, eta irakurketa erosoa eta irisgarria izateko ezarpenak aldatzeko aukera ematen du. Azpitituluak itzultzaile automatikoarekin sortuak dira, bideoaren audioa transkribatu ostean.

Osoko bilkuren aretoko sistemarekin bideoa grabatu eta Goienaren esku uzten du Udalak, bideo akta forma eman diezaion. Bilkurak izan eta egun batzuetara jartzen dira ikusgarri Udalaren webgunean.

“Software honek denborak murriztea ahalbidetzen du, bakoitzak esan zuena zehatz jasota geratzea eta herritarrekin gardentasun osoz jokatzea. Urrats garrantzitsua da: alde batetik, hizkuntzaren normalizazioan aurrerapauso bat delako, eta, bestetik, irisgarritasuna ere bermatzen delako”, adierazi du udal gobernu taldeak.