Zaldibarrek Bittor Garitaonandiaren ondarea berpiztuko du martxoan
Udalak eta Gerediaga elkarteak ekitaldi sorta prestatu dute euskaltzale, musiko eta idazle ospetsuaren jaiotzaren 150.urteurrena dela eta
Gaur goizean aurkeztu da Zaldibarren Bittor Garitaonandiaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien egitaraua. Udalak eta Gerediaga elkarteak agenda bat diseinatu dute elkarrekin, zaldibartar ospetsuaren figura berriro erdigunean jartzeko, azken omenalditik mende erdira, haren ondareari balioa emateko eta belaunaldi berriei hurbiltzeko. Martxoan zehar,musika, literatura eta euskararen bueltako hitzorduak hartuko ditu herriak, Garitaonandiaren izaera anitza islatu nahian.
Bittor Garitaonandia Ariño 1876ko martxoaren 6an jaiotako euskaltzale, musika konpositore, idazle eta euskaltzain urgazle izan zen. Musikaren alorrean, Zamorako katedraleko maisu tenore izan zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuen XX. mende hasieran. Euskalgintzaren eremuan, Argia astekariaren sorreran parte hartu zuen beste hainbat euskaltzalerekin, eta garai hartan idatzi zituen euskarazko hainbat antzezlan eta ipuin liburu.
Egitaraua
Ekitaldi sorta erakusketa batekin abiatuko da; martxoaren 5etik 15era liburutegi zaharrean Garitaonandiaren ibilbidea jasotzen duten panel informatiboak, idatziak eta partiturak egongo dira ikusgai. Irekiera ekitaldia martxoaren 5ean izango da, 19.00etan. Literaturak ere bere tokia izango du hurrengo egunean, martxoaren 6an, 8 eta 12 urte bitarteko ume zaldibartarrek parte hartutako ipuin lehiaketaren sari banaketarekin; ekitaldia 18.30ean egingo da ospitale ondoko kaperan, eta guztira 38 lan aurkeztu dira lehiaketara. Horrez gain, martxoaren 7an Euskaltzaindiak jendaurreko batzarra egingo du udaletxean, 12.00etan. Bertan, Joseba Sarrionandia idazleak Garitaonandiaz eta Zaldibarko literaturaz jardungo du.
Omenaldi sorta martxoaren 14an amaituko da, Donostiako Orfeoiak Olazarko frontoian eskainiko duen kontzertuarekin, 19.30ean. Sarrerak otsailaren 23tik martxoaren 6ra egongo dira salgai udal liburutegian, bost euroan.
Eneritz Azpitarte alkatearen esanetan, Garitaonandiak “argi izpi zabal bat ekarri zuen dena egiteke zegoen garaian, eta ezinbestekoa da haren figura merezi bezala aitortzea, iraganetik ikasi eta etorkizunari begiratzeko”. Gerediagako presidenteak, Gotzon Gomezek, berriz, nabarmendu du haren ekarpena Euskal Pizkundeko ondarearen parte dela.