Astelehen honetan goizean jarri da martxan otsailaren 15era arte iraungo duen 'Otsailaren 11ko erakusleihoak' izeneko ekimena. Horren helburua emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egiten duten lana aitortzea da, baita tokiko merkataritzaren bidez beren ibilbideak herritarrei hurbiltzea ere. Kanpaina hau Durangoko Udalak, Dendak Bai merkatarien elkartearekin eta Elhuyar fundazioarekin elkarlanean jarri dute martxan Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Proposamen honi esker, Durangoko 20 establezimenduk beren erakusleihoak apainduko dituzte zientzialari ezberdinen bizitzari eta lanari buruzko kartel, ilustrazio eta elementuekin. Saltoki bakoitzak zientziaren arloan nabarmentzen den emakume bati omenaldia egingo dio, bere lanaren bozgorailu bihurtuz eta zientzian eta teknologian emakumezko erreferenteak sortzea bultzatuz.
Aipatzekoa da omendutako zientzialarien artean Mari Luz Guenaga Gómez dagoela, informatika-ingeniaria eta Kurutziaga Ikastolako lehendakaria; horrek lotura berezia ezartzen du Durangoko hezkuntza-ingurunearekin. Harekin batera, estatuko zein nazioarteko aitorpena duten beste hamaika zientzialariren lana ere balioetsiko da.
Halaber, ginkana hezitzaile bat antolatuko da, eta Zabalarra eskola, Landako eskola, San Antonio ikastetxea, Nevers ikastetxea, Durangoko Jesuitak ikastetxea, Fray Juan de Zumarraga BHI eta Oinarrizko Lanbide Institutuko ikasleek parte hartuko dute. Ikasleek saltoki parte-hartzaileetan barrena ibiliko dira, eta bertan zientzialariak identifikatu eta haien ibilbideei buruzko galderak erantzun beharko dituzte.
Jesica Ruiz, Durangoko Udaleko Berdintasun zinegotziak, ekimen honek gizartea eraldatzeko tresna gisa duen garrantzia azpimarratu du: ““Otsailaren 11ko erakusleihoekin, zientzian historia egin duten emakumeei omenaldia egiteaz gain, neskatoen belaunaldi berriek erreferente horietan beren burua islatzeko aukera zabaltzen dugu. Haien lana ikusaraztea funtsezkoa da berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, non talentuak eta bokazioak generorik izango ez duten.”