Zumar kaleko zuhaiztia berritzeko lehen jarduketa abiarazi du Durangok
Interesa duten enpresek edota erakundeek urtarrilaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak
Astelehen honetan goizean, urtarrilaren 12an, abiarazi egin du Durangoko Udalak Zumar kalean zuhaiztia birgaitzeko proiektuaren lizitazioa. Horrek hiri-ingurunearen paisaia eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko balioko du, hiri osasungarriago, jasangarriago eta bizigarriago bat eraikitzeko herritar guztientzat.
Lizitazio hau iazko urtearen amaieran egindako hiri-zuhaitzen inguruko azterketa teknikoaren lehen ondorio praktikoa da. Azterketa horretan, Durangoko zuhaitzen hondatze nagusien arrazoietako bat azpiko lurzorua behar bezala prestatu gabe egotea dela ondorioztatu zen. Gabezia horrek zuhaitzen hazkunde normala eragozten du, eta horrek sarritan ekartzen du zuhaitzak ez izatea nahikoa handiak benetako onura ekartzeko, edo zuzenean bizirik ez irautea. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen hitzetan, “funtsezkoa da zuhaitia baldintza egokietan haztea, beren ingurumen, gizarte eta estetika funtzioa bete ahal izateko; etorkizuna kontuan hartuta ari gara zuhaitzak landatzen, durangarrei benetako balioa eskain diezaieten”. Jarduketa honekin udalaren estrategia berri bat hasiko da, diseinu teknikotik abiatuta zuhaitz berriek baldintza egokietan hazi ahal izatea bermatzeko, eta gutxienez bi metroko altuera har dezaten. Altuera horixe baita gutxienekoa zuhaitzek hiri-ingurunea, airearen kalitatea eta ingurumena hobetzen laguntzeko moduan eragiteko. Kalitatezko zuhaiztia lortzek kaleak egokitzeko inbertsio garrantzitsuak behar dira, herritarrei zerbitzu baliagarriak eskaini ahal izateko.
Udalak beste neurri batzuk ere jartzen hasi da martxan, hala nola udal langile teknikoentzako prestakuntza zuhaitzen tratamendu espezifikoan, hau da, arborikulturan. Horri esker, zuhaiztiaren egoera hobetu ahal izango da planifikazio integral baten eta mantentze-lan egokien bidez.
Kontratuaren xedea Zumar kaleko zuhaitz-eredua birdefinitu duen proiektu tekniko baten exekuzioan oinarritzen da. Jarduera honek helburu nagusi hauek ditu: bero uhartearen efektua murriztea zuhaitz-estaldura handituz; biodibertsitatea sustatzea landare-espezie berriak sartuz, hala nola landare meliferoak, polinizatzaileak edo fruituak ematen dituztenak; eta uraren kudeaketa hobetzea, lurzoruaren iragazkortasuna erraztuko duten eta ur-kontsumoa murriztuko duten irtenbideekin.
Horretarako, parterreak sortzea aurreikusi da, egungo zuhaitzen ordez landare berriak landatzeko. Jarduketak lehendik dauden hiri-azpiegiturak errespetatuko ditu, eta lurpeko sareetan ez da aldaketarik egingo, salbuespen gisa sumideroren bat berritu behar izanez gero.
Kontratuaren aurrekontua, BEZik gabe, 133.755,92 eurokoa da.
Exekuzio-epeak eta dokumentazioa aurkezteko epea
Obrak burutzeko epea lau hilabetekoa izango da, obren hasierako egiaztapen-akta sinatu eta hurrengo egunetik aurrera. Lizitazioan parte hartu nahi duten pertsonek edo enpresek 2026ko urtarrilaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak Durangoko Udalaren kontratatzailearen profilean, eta bertan lizitazioaren pleguak eta parte hartzeko baldintzak kontsultatu ahal izango baitituzte.