Etxean, eguneko zentroetan edo lurraldeko egoitza-baliabideetan arreta eskaintzen duten erakundeen artean esperientzia berritzaileak sustatzea, zabaltzea eta partekatzea helburu duten iraupen luzeko zainketak pertsonalizatzeko jardunbide egokien aintzatespenak banatu ditu astearte honetan goizean Bizkaiko Foru Aldundiak. Sari hauen laugarren edizioan 17 erakundetan garatutako 24 praktika aurkeztu dira.
Sei aipamen berezi eman dira, hain zuzen ere Colisée Barrika (La Saleta Care S.L.), Joxe Miel Barandiaran (Azpiegiturak S.A. - Servicios Sociales Aita Menni S.L.) eta Urizartorre (Asociación de Esclerosis Múltiple de Bizkaia - ADEMBI) egoitzei. Era berean aipamena merezi izan dute Amorebieta-Etxanoko udalaren Nafarroako Eguneko Zentroak (Urgatzi S.L.) eta aintzatespena bi kategoriatan jaso duen Fundación Aspaldiko-Residencia egoitzak (Fundación Aspaldiko). Gainera, foru erakundeak aipamen bereziak egin dizkie Bizigura Eguneko Zentroan (Azpiegiturak S.A. - Servicios Sociales Aita Menni S.L.) eta Leioako Laguntza Zentroan (GUFE) garatutako ekimenei, pertsona bakoitzaren beharretara zentratutako eta egokitutako arreta-ereduekin duten konpromisoagatik.
Amaia Antxustegik, Gizarte Ekintzako diputatuak, eskerrak eman dizkie aintzatetsitako erakunde eta entitateei eta Bizkaia osoaren txaloa eta eskerrak helarazi dizkie. "Bizkaiak aurrera egiten du arreta-eredu gizatiarrago, berritzaileago eta konprometituago baterantz; aurrera egiten du eskutik helduta goazelako erakunde publiko eta pribatuok, pertsonengan oinarritutako zaintza-sistema elkarrekin eraikitzeko, non premia eta bizi-proiektu bakoitza kontuan hartzen den. Baina Bizkaia, aurrera egiteaz gain, aitzindaria da bidea markatzen duten ekimenetan", nabarmendu du. Ildo horretatik Antxustegik eskertu egin du erakunde guztien konpromisoa eta inplikazioa, "zuen lanak, ahaleginek eta zuen jardunbide onek bultzatzen gaituztelako eta jada sustatzen ari garen iraupen luzeko zainketen eremuan arreta pertsonalizatuago baterantz aurrera egiten jarraitzera bideratzen gaituztelako. Izan ere horrelakorik ez litzateke posible izango zuen lanik, ideiarik eta eguneroko konpromisorik gabe", azpimarratu du.
Ebaluazio-batzordea
Sarituen hautaketa ebaluazio-batzorde batek egin du, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketetarako Trantsizio Planaren koordinatzailea buru dela. Batzorde horretan ordezkatuta egon dira Bizkaiko Adinekoen Kontseilua, Bizkaiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eta Adinekoen Zentroen Batzorde Iraunkorra. Halaber, kideak izan dira lurraldeko Gizarte-Lan, Erizaintza, Psikologia eta Medikuen elkargo profesionalak, Zahartzaroa - Euskal Geriatria eta Gerontologia Elkartea, Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) zuzeneko arretako profesional bat, iraupen luzeko zainketen arloan ospe handia duten bi aditu eta mendekotasun edo/eta desgaitasunen bat duen pertsona baten zaintzaile bat.
Iraupen Luzeko Zainketen arloko Pertsonalizazio-Jardunbide Egokien Aintzatespenerako IV. Jardunaldia 2025
Jardunbide egokien sariak gaur goizean banatu dira, Iraupen Luzeko Zainketen arloko Pertsonalizazio-Jardunbide Egokien Aintzatespenerako IV. Jardunaldiaren ekitaldian. Topaketan gizarte ekintzaren eta zainketen arloarekin lotutako 200 pertsona baino gehiago bildu dira. Bertaratutakoen artean mendekotasun-egoeran edo desgaitasunen bat duten pertsonei arreta zuzena ematen dieten profesionalak, elkargo profesionalen ordezkariak eta pertsona ardatz duten arreta-ereduetan adituak direnak egon dira, eta etorkizuneko erronkei buruzko esperientziak eta gogoetak partekatu dituzte.
Sariak banatu aurretik jardunaldian Raquel Martínez Buján andrearen esku-hartzea izan da, Soziologian doktorea eta A Coruñako Unibertsitateko Soziologia Fakultateko irakaslea. Bere hitzaldian zaintza-politikak eta gizarte-zerbitzuak eredu komunitario baterantz bideratzearen esanahiari heldu dio, baita komunitatea administrazio publikoekin antolatzeko moduari ere. Era berean, gai horri buruz zuzentzen duen ikerketa-proiektuaren emaitza nagusiak partekatu ditu. Proiektu horren izenburua El modelo de cuidados de larga duración en transformación: la articulación de programas comunitarios en el sistema público de bienestar tras la Covid-19 da.