Durangoko Udalak, Gazteria eta Kirol Sailaren bidez eta Durango Kirolakekin elkarlanean, "Durango Babesgune" izeneko ekimen berritzailea jarri du abian, kirol-arloan haur eta nerabeen aurkako indarkeria mota ororen aurrean babesteko udalerriko konpromisoa sendotzen duen ekintza aitzindaria.

Ekimen hau indarkeriaren aurrean haurtzaroa eta nerabezaroa babesteko izaera integrala duen Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko helburuarekin sortu da, udal kirol-instalazioak segurtasun, zaintza eta konfiantzazko gune bihurtuz.

Zehazki, “Durango Babesgune” ekimenak adingabeen ongizate fisiko edo emozionala arriskuan jar dezaketen egoerak detektatzea, prebenitzea eta horien aurrean jardutea du xede kirol-inguruneetan. Horretarako, udalerriko kirol-bizitzan parte hartzen duten eragile guztien inplikazio zuzena sustatzen da: kirol-elkarteak, instalazioen kudeaketaz arduratzen den langileria, familiak eta herritarrak beraiek.

Ekintza honen zati ikusgarri eta esanguratsu gisa, bost informazio-panel jarri dira Durangoko hiru kirol-instalazio nagusitan. Landako 1ean, panelak sarreran, saskibaloi kantxan eta “Barrio” aretoan jarri dira; Landako 2an, sarreran kokatu da panel bat; eta Arripausuetan, sarrera nagusian. Panel horien helburua da herritarrak sentsibilizatzea, informazioa eskaintzea eta indarkeria egoeren aurrean nola jokatu argi adieraztea, prebentziorako eta esku-hartzerako funtsezko tresna bihurtuz.

Iker Txertudi Kirol zinegotzi eta Durango Kirolakeko presidenteak nabarmendu duenez, “‘Durango Babesgune’ ekimenarekin kirol-ingurune seguru, osasungarri eta errespetuzko baten aldeko apustua sendotzen dugu, non haurrek eta nerabeek babes guztiekin hazi eta garatzeko aukera izango duten. Ekimen hau, haurtzaroaren aldeko udal-politika gehiagori gehitzen zaiona, Durangoko kirolak balioetan, berdintasunean eta elkarbizitzan hezteko gune ere badela erakusten duen adibide argia da”.