Gallarreta Tailerra, ehun pertsona eta bi aldarrikapen
Tailerrak ekitaldi berezia egin zuen Euskararen Eguna eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eguna ospatzeko
Atzo Euskararen Nazioarteko Eguna eta Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Horrexegatik, Gallarreta tailerrean lan egiten duten ehun pertsonek bi erreibindikazio zituzten atzo, alde batetik euskararen erabilera bultzatzea eta, beste aldetik, desgaitasuna duten pertsonentzat mundu irisgarriagoa eraikitzeko aldarrikapena. Bi ideia hauek argi eta garbi utzi zuten Gallarretako lankideek guardian antolatu zuten ekitaldian. Gainera, ekitaldi horretan ohorezko gonbidatu bat izan zuten, Kepa Junkera musikaria hain zuzen ere. “Gurekin lan egiten duen neska baten bitartez, Sararen bitartez lortu genuen Kepa Junkerarekin harremanetan jartzea eta hementxe dago gurekin. Bera euskal kulturaren erreferente bat da eta, azken urteetan desgaitasun duten pertsonen artean erreferente bilakatu da”, adierazi zuen Asier Balentzia, Gallarretako teknikariak.
Junkerak atzo Gallarretan jaso zuen maitasuna eta babesa hunkigarria izan zen. Bere omenez, bi dantzarik Agurra dantzatu zuten euskararen aldeko eta desgaitasun duten pertsonen aldeko manifestua irakurri baino lehen. “Ez genekien nola uztartu bi aldarrikapenak eta, azkenean, ekitaldi sinboliko hau antolatu dugu, era oso natural batean erakutsi ditugu gure aldarrikapenak”, aitortu zuen Balentziak. Apaltasunez eta bihotz-bihotzetik eratutako ekitaldi honetan Gallarretako kideek beren gaitasunak erakutsi zituzten. Zentzu honetan, Gallarretako Dantza Taldeko kideek landutako koreografia eskaini zuten eta, gainera, koreografia hori Kepa Junkeraren Marea Zumaian abestiaren erritmoarekin batera egin zuten.
Gure gizarteak aurrerapausoak eman behar ditu, alde batetik, euskararen erabilera bultzatzeko eta, bestetik, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak guztiz bermatzeko. Egin beharreko ibilbidea nahiko luzea da, baina bide horretan gure gizarteak Gallarretaren babesa izango du. Horren seinale da tailerra egiten ari den euskara plana. “Gure Euskara Plana egi bihurtzeko lehenengo pausoak ematen ari gara eta datorren urtean proiektuan sakontzeko eman beharreko hurrengo pausoak aztertzen ari gara”, adierazi zuen Balentziak. Honela, atzo Gallarreta tailerrak osatzen duten ehun pertsonek argi utzi zuten desgaitasuna duten pertsonentzako oztoporik gabeko mundu batean eta euskaraz bizi nahi dutela.