Síguenos en redes sociales:

Gabonetako argiak piztuko dituzte Markina-Xemeinen

'Piztu Dendak' ekimenak hasiera emango die jaiei, herriko merkataritzari bultzada emateko argazki lehiaketarekin batera

Gabonetako argiak piztuko dituzte Markina-XemeinenMarkina-Xemeingo Udala

Markina-Xemeingo gabon jaiak bihar iluntzean abiatuko dira, 20.15etan, udaletxe aurrean Hemen Be Bai merkatari elkarteak antolatutako ‘Piztu Dendak’ ekimenarekin. Era berean, bihartik hasita martxan jarriko da #PiztuDendak Gabonetako argazki lehiaketa, herriko komertzioei ikusgarritasuna eta bultzada ematea helburu duena.

Lehiaketan parte hartzeko, egile bakoitzak argazki bakarra igo edo bidali beharko du, muntajerik eta testurik gabe. Lanek lotura izan beharko dute gabon garaian Markina-Xemeingo saltokiak piztu eta indartzeko helburuarekin. Parte-hartzaileek Facebook edo Instagram bidez parte hartu ahal izango dute, #piztudendak2025 traola erabilita eta Markina-Xemeingo Udala etiketatuz; edo, bestela, WhatsApp bidez 688 84 49 95 telefonora bidalita. Kasu guztietan, egilearen izen-abizenak eman beharko dira.

Argazkiak abenduaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta epaia Udalaren sare sozialetan jakinaraziko da. Hiru lan sarituko dira Hemen Be Bai elkarteko erosketarako bonuekin: 125 euroko lehen saria, 75 euroko bigarrena eta 50 euroko hirugarrena.