Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Durangoko Udalak prestatutako jarduerak ezagutarazi ditu. Hori baino lehen, gaurtik azaroaren 28ra arte, 'Zer kolore du euskarak?' lelopean garatuko da girotze- eta parte-hartze kanpaina bat. Ekimen honen bidez, herritarrak gonbidatu nahi dira hausnarketa egitera eta modu sortzailean adieraztera zer irudikatzen duen euskara bakoitzarentzat.

Horretarako, bi euskarri parte-hartzaile mota jarriko dira herrian:

  • Paperezko muralak, batez ere hezkuntza-eremura zuzendutakoak, ikastetxe hauetan izango dira ikusgai: Landako Eskola, Zabalarra, Kurutziaga Ikastola, Maristak, Jesuitak, San Antonio, Nevers, Ibaizabal, Durango BHI, AEK eta Udal Euskaltegia.
  • Postontzi edo parte-hartze kutxak, berriz, udal-eraikin eta gune hauetan jarriko dira: Kirolak I eta II kiroldegiak, Bizenta Mogel liburutegia, museoa, musika eskola, Andragunea, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (udaletxea), turismo bulegoa, San Agustin Kultur Gunea eta Intxaurrondo gazte zentroa.

Herritarrek euskarri hauen bidez “Zer kolore du euskarak?” galderari erantzun ahal izango diote, hitzak, esaldi laburrak edo marrazkiak erabilita. Ekarpen horiek guztiak azaroaren 28an jasoko dira, eta, ondoren, aztertu eta landu egingo dira irudi bateratu bat sortzeko. Emaitza hori visual thinking dinamika baten bidez aurkeztuko da Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusian.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, hiru hitzordu nabarmen izango dira. Goizean, 11:00etan, adierazpen instituzionala egingo da Udal Euskaltegian. Arratsaldean, 17:30ean, mahai-inguru bat izango da San Agustin Kultur Gunearen sarreran. Bertan, Durangoko hainbat profesional eta sortzailek parte hartuko dute, euskarak gaur egungo testuinguruan dituen erronka eta aukerei buruz eztabaidatzeko. Ondoren, 18:30ean, herritarren ekarpenekin osatutako “Zer kolore du euskarak?” dinamika bisuala aurkeztuko da. Ekitaldi hau Usue Egia ilustratzailearen parte-hartzearekin egingo da, eta Aroa Blanco eta Maite Lopez artistak arduratuko dira girotze lanaz.

Azkenik, abenduaren 4an, 19:00etan, kultura gune berean aurkeztuko da “Arestian, egun…!” izeneko ikuskizun literario-musikala, Andoni Egañak, Aitor Furundarenak eta Andoni Salomerok sortua. Emankizun honek Gabriel Arestiren figura omenduko du, haren heriotzaren 50. urteurrena dela eta.

“Euskararen Nazioarteko Eguna Durangon ospakizun bizia, irekia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu, pertsona bakoitzak adierazteko eta parte sentitzeko aukera izan dezan, batzen gaituen hizkuntza honen inguruan", adierazi du Paule Sánchez, Euskara eta Kultura zinegotziak. “Mural gogoetatsuen eta egitarau kulturalaren bidez, euskara naturaltasunez eta harrotasunez biziko den espazioak sortu nahi ditugu, hizkuntzarekin duen maila edo harremana edozein dela ere. Koloretsua den euskara, gure egunerokoa koloreztatzen duena”.