Urtero bezala, Amorebieta-Etxanok bat egingo du abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunarekin. Horren harira, euskararen erabilera sustatzeko helburua duen ekintza-programa zabala antolatu dute, adin guztietako pertsonei zuzendutakoa. Aisia, kultura eta herri parte-hartzea izango dira protagonista nagusiak.

Lehen hitzorduak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketa ekarriko du. Azaroaren 26an, asteazkena, Garikoitz Goikoetxeak “Esnatu ala Hil” liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko du Zelaietako auditorioan, arratsaldeko 19:00etan. Liburua Goikoetxeak berak Iñaki Iurrebaso soziologoarekin batera argitaratu du, eta bertan euskararen bilakaera, gaur egungo egoera eta etorkizunerako erronkak aztertzen dira. Hitzaldia gune irekia izango da hausnarketarako eta elkarrizketarako. Liburua irakurtzeko interesa duenak Udal liburutegian eskuragarri ditu zenbait ale. 

Azaroaren 30ean, igandea, ekintza parte-hartzaile eta familiarra antolatu da Goldatzen taldearekin elkarlanean. Goizeko 11:00etan, parte hartzaileek Gure Kirolak frontoian elkartuko dira, eta bakoitzak bere lorontzia apaindu eta zuhaitz txiki bat landatuko du bertan. Ondoren, kalejiran Jauregibarriako parkera joango dira, eta han Zornotzako Euskararen Zuhaitza landatuko dute. Ekintza bukatzeko, txokolate beroa banatuko da parte-hartzaile guztien artean. Ekimen honek euskararen sustapena naturarekiko harremanarekin uztartzen du, belaunaldi ezberdinen arteko topaketa bultzatuz.

Egitarauarekin jarraituz, abenduaren 3an, asteazkena, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun berezi honetan, ekimen berritzaile bat jarriko da martxan Amorebieta-Etxanoko liburutegian: Giza liburutegia. Mugimendu hau Danimarkan sortu zen, eta elkarrizketa eta ezagutza partekatuen bidez bizipenak trukatzeko helburua du. Kasu honetan, “Atzerritik Euskal Herrira, mailaz maila, bidea euskaraz” izenburupean, Euskal Herritik kanpo jaiotako zenbait zornotzar ‘liburu’ bilakatuko dira. Entzuleek 15 minutuz izango dute bakoitza ‘maileguan’, eta euskaraz bizitako esperientziak entzun eta partekatu ahal izango dituzte. Ekintza arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta amaieran luntx bat eskainiko zaie bertaratzen direnei.

Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 4an, osteguna, bi ekitaldi nagusi izango dira Zelaietako kultur etxean. Lehenik, arratsaldeko 18:00etan, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finala ospatuko da auditoriumean, euskal bertsolaritzaren harrobiaren eta gazteen sormenaren erakusgarri izango dena. Ondoren, 20:00etan, Petti eta Ana Galarragaren “Frankestein agurgarria” ikuskizuna eskainiko da kontzertu gelan. Proposamen honek musika eta literatura uztartzen ditu modu artistiko eta originalean. Gainera, kontzertura doazen guztiek liburu bat jasoko dute opari gisa.

Euskararen aldeko konpromisoa sendotzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea da ospakizun hauen helburu nagusia. Horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak ekitaldi hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu, elkarrekin euskararen aldeko giroa sortu eta indartzeko.