Ostegun honetan ospatutako osoko bilkuran onartu egin zuen Elorrioko Udalak datorren ekitaldirako aurrekontua, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin eta EAJren kontrako botoarekin. Guztira 10.826.295 euro izango ditu, hau da, udalerriko historiako aurrekonturik handiena.

Ogasun saileko arduradun Maria Herrerok azaldu duenez, aurrekontua “udalak dituen tresnarik eraginkorrenetarikoa da”: zerbitzu publikoak antolatu eta gauzatzeko, egonkortasun ekonomikoa bermatzeko, inbertsioak egiteko eta, Danona gobernu-planaren garapenean aurrera egiteko aukera ematen du. Herreroren esanetan, onartutako dokumentua “2026rako aurreikusitako erronken eta proiektuen isla zuzena da; aurrera egiteko, zerbitzuak sendotzeko eta herritarren behar errealak asetzeko tresna”.

Herrerok nabarmendu du, baita ere, aurrekontuaren izaera irekia: “ez da dokumentu estatikoa; tresna bizia da, urtean zehar eguneroko beharren arabera egokitu eta doituko dena”. Gogorarazi du aurrekontua osatzeko prozesua luzea eta eskatzailea dela: herriaren beharren azterketa egin, langileen ekarpenak jaso, lehentasunen markaketa ezarri eta talde politikoen arteko negoziazioak burutu, betiere herriari egonkortasuna eta etorkizuneko ikuspegia emango dioten akordioak bilatzeko helburuarekin.

Egoera ekonomikoari dagokionez, aurten udalak egoera sendoa duela azaldu du: sarrera arruntak gastu arruntak baino handiagoak dira, eta horrek inbertsioak egiteko aukera ematen du. Sarrerak 922.936 euro gehitu dira iazkoarekin alderatuta, %9,08a, Udalkutxaren igoerari esker (+%6,2), baita aurreikusitako urbanizazioen ondoriozko ICIOren gorakadari eta dirulaguntzek ekarriko duten partida berriari esker ere.

​Herritarren beharrei erantzuteko tresna gisa ulertu behar den aurrekontua

Herreroren hitzetan, aurrekontuak “herritarren behar errealak asetzeko tresna izan behar du”. Horregatik, 2026ko aurrekontuak izaera sozial nabarmena duten arloak indartzen ditu: gizarte-politikak, berdintasuna, hezkuntza, ondarea, landa-garapena eta euskara.

Aurten jasotako partida berri azpimarragarrien artean daude:

  • Eskola Kirola indartzea.
  • Euskararen planen garapena eta udalerriko euskararen erabilerari buruzko txostena.
  • Eskolako jangelako eraikinaren zati baten berrikuntza eta patioaren azken fasearen exekuzioa.
  • Landa-eremuetako pisten eta bideen konponketa.
  • Arriola jauregiaren eraberritzea, Berriotxoa kalean.
  • Aurrekontuak genero-ikuspegiarekin gauzatzeko programa.
  • San Agustin inguruko hirigintza-interbentzioak.

Herriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren bi gai ere nabarmendu ditu Herrerok:

  1. Kurutzigako biribilgunearen proiektua tramitatzeko lehen urratsak, 2027an gauzatzeari begira.
  2. Etxebizitza sozialaren inguruko aurrerapausoak: Goietako alokairu-sozialerako etxebizitzen amaiera, etxebizitza hutsen inguruko azterketa eta Elorrio tentsio-gune izendatzeko prozesuan sakontzea.

Aipamen berezia Mankomunitateari zuzendutako partidari ere, Elorriok hainbat zerbitzu mankomunatuak dituela gogoraraziz, besteak beste, gizarte-zerbitzuen eta hondakinen kudeaketa. Partida 1.126.000 eurokoa da, hau da, aurrekontu osoaren zati handi bat.

Elkarrekin-Podemosekin akordioa

Aurrekontuen elaborazioa elkarrizketa- eta akordio-borondateak markatu du. Horren ondorioz, aurten Elkarrekin-Podemosekin akordioa lortu da, eta horrek partida hauek txertatzea ahalbidetu du:

  • ​Osasun mentaleko programa bat abian jartzea.
  • ​Udal eraikinetako irisgarritasuna hobetzea.
  • ​Anduetxeta auzoa urbanizatzeko proiektuaren idazketa
  • ​San Agustingo elizpetik zebrabidera arteko ibilbidea osatzea.
  • ​Berrio–Aldape naturbidea errekuperatzea
  • ​Larrialdietako protokoloaren berrikuspena.
  • ​Udal-hilerrian gune berezi bat sortzeko, haurdunaldi-ko galerak, jaiotza-inguruko galerak eta jaioberrien galeretarako.

​Herrerok eskertu zuen Elkarrekin-Podemosek erakutsitako jarrera “eraikitzailea, errealista eta herriaren onerako orientatua”.

Aitzitik, aurten ez da posible izan EAJrekin akordioa lortzea, eta gobernu taldeak “tamalgarritzat” jo du aukera hori galtzea. Hala ere, elkarrizketarako gonbidapena “zabalik” dagoela azpimarratu zuten.

​Oier Irazabal Celaya EAJko zinegotziaren dimisioa 

Osoko bilkura berean, Oier Irazabal Celaya, EAJko zinegotzia, karguari uko egin dio arrazoi pertsonalak medio. Korporazioak bere esker ona eta aitortza publikoa adierazi zizkion egindako lanagatik.​