Síguenos en redes sociales:

2026ko ekainean egongo da martxan Metabarri biometanizazio-instalazioa

Bizkaiko Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta PreZerok bultzatzen dute azpiegitura hori

2026ko ekainean egongo da martxan Metabarri biometanizazio-instalazioaBFA

Ostegun honetan goizean, azaroaren 20an, 2026ko ekainean martxan egongo den Metabarri biometanizazio-instalazioa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Elixabete Etxanobe buru izan duen ekitaldi batean. Ahaldun nagusiarekin batera Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea eta Borja Martín Zorita Negocio Público Norte de PreZeroko zuzendaria izan dira.

Metabarri biometanizazio-instalazioa Artigasko Ekoparkean dago, eta funtsezko azpiegitura da Bizkaiko hondakin organikoen kudeaketa jasangarrirako. Instalazio horrek edukiontzi marroiko frakzio organikoa erabiliko du gas berriztagarria sortzeko; izan ere, datozen urteetarako, gaikako bilketaren gorakada aurreikusten da. Instalazioak 8.300 metro koadroko azalera edukiko du eta 21 milioi euroko inbertsioa egin da. Proiektuaren obrak aurrera doaz eta epeak betetzen ari dira.

Metabarri 2030erako Bizkaiko Hondakinen Kudeaketarako eta Prebentziorako Planaren parte da. Plan horrek aurreikusitakoren arabera, frakzio organikoaren gaikako bilketa lau aldiz handiagoa izango da eta urtean 50.000 tona baino gehiago bilduko dira. Gorakada hori dela eta, instalazioa Bizkaiko Konpostegiko eta eskualde mailako hiru konpostaje-instalazioen azpiegitura osagarri gisa ikusten da.

Lanean hasten denean, Metabarrik sortuko duen energia 12.700 etxebizitzak urtean duten energia-kontsumoaren baliokidea izango da; gainera, berotegi-efektuko gasen emisioak % 95 murriztea lortuko da, erregai fosilekin alderatuta.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, proiektu honek sendotu egiten du Bizkaiak iraunkortasunarekin eta eredu energetiko garbi eta zirkular bateranzko trantsizioarekin duen konpromisoa. Metabarrik erakusten du, erakunde publikoen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren bidez, ingurumena zaintzen duten irtenbide eraginkorrak eskaini daitezkeela.

Lankidetza publiko-pribatuaren eredua

Metabarri proiektua ekonomia mistoko sozietate baten bidez garatzen da. Garbikerrek (Bizkaiko Foru Aldundia), Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta PreZero enpresak osatzen dute sozietate hori. Lankidetza-eredu horretan, bazkide pribatuaren esperientzia teknikoa eta operatiboa erabiltzen da, eta, horrela, epe luzean proiektua eraginkorra eta jasangarria izango dela bermatzen da.

Enpresaren kontratuak 23 urteko iraupena aurreikusten du instalazioa abian jartzen denetik.

Aurkezpenean, Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea azpimarratu du proiektu eraldatzaile horrek bat egiten duela Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Industria Planarekin eta Euskadiko Energia Estrategiarekin, eta giltzarria izango dela industrian energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bereziki elektrifikatzen zailak diren sektoreetan. Deskarbonizazioaren bidean emandako aurrerapauso horrek berekin ekarriko du industria lehiakorrago eta etorkizunerako prestatuago bat.

Bestalde, PreZeroko Negocio Público Norteko zuzendari Borja Martín Zoritak gaineratu duenez, PreZerorentzat, Metabarri aukera bikaina da, biometanizazio-instalazioen kudeaketaren arloan PreZerok daukan esperientzia teknikoa eta berrikuntzarako gaitasuna Bizkaiko herritarren, Foru Aldundiaren eta EEEren eskura jartzeko, eta, aldi berean, biometanoaren ekoizpenean Bizkaian enpresa lider gisa sendotzeko. Bestalde, Zoritak nabarmendu du hondakinen arloan Europak dituen helburuak betetzeko oinarrizkoa dela, neurri handi batean, hondakinen frakzio organikoa behar bezala bereizi eta kudeatzea, eta azpiegitura hori aurrerapauso irmoa dela norabide horretan.

Biometanizazio-prozesua

Biometanizazio-prozesuaren bidez, edukiontzi marroiko hondakin organikotik biogasa sortzen da. Biogas hori, garbiketa-prozesu baten ondoren, biometano bihurtuko da, eta gas berriztagarri hori gas naturala banatzeko sarera injektatuko da, ondoren kontsumitzeko. Biometanoak, hidrogeno berdearekin batera, funtsezko eginkizuna izango du ekonomiaren deskarbonizazioan.

Prozesuaren azpiproduktu gisa, hondakin solido egonkortua sortuko da, digestatoa izenekoa, eta kalitate handiko konposta ekoizteko tratatuko da. Material horrek hartzidura- eta heltze-denbora laburragoa beharko du, tratamendurik gabeko frakzio organikoak baino, eta horrek lagunduko du Bizkaiko Konpostegiaren ekoizpen-ahalmena handitzen.

Biometanoaren ekoizpen egonkorrak dakarren energia-oinarriak abantaila asko ditu, esaterako:

  • Malgutasuna ematen du sortutako energia berriztagarri guztia integratzeko, soberakinak alferrik galdu gabe.
  • Errendimendu energetikoa (% 90) aprobetxamendu elektrikoarena (% 40) baino askoz handiagoa da, eta kostuak antzekoak dira.
  • Bizitegi-, industria- eta mugikortasun-sektorearen eta hirugarren sektorearen deskarbonizazioan laguntzen du, erabiltzaileek inbertsio berririk egin beharrik gabe.
  • Biometanoaren ekoizpenaren eta erabileraren lurralde-integrazioa errazten du, jatorri-bermeen bidez, baliabide hori lehengaiak dituzten eremuetara soilik ez mugatzeko.

Metabarri biometanizazio-instalazioak laguntzen du Bizkaiaren lidergoa sendotzen hondakinen balorizazioaren eta energia berriztagarrien ekoizpenaren arloan. Azkenik, azpiegitura horri esker, erregai fosilekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa izango da, hondakin organikoak modu efizientean aprobetxatuko dira, eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategian (3E2030) ezarritako jasangarritasun energetikoko helburuetan aurrera egin ahal izango da.