Ostegun honetan goizean, azaroaren 20an, Zornotzako Musika Bandak 'Sentsazioen Musika' izena daraman denboraldi berria aurkeztu egin du. Denboraldi berri honek bost kontzertu izango ditu, lehenengoa larunbat honetan, eta musikak sortzen dituen sentsazioak eta emozioak izango ditu ardatz.

Esan bezala, denboraldia azaroaren 22an hasiko da, musika eta ilusioa uztartuko dituen ikuskizunarekin. Magiaren Zirrara saioan, Hodei Magoa bandarekin arituko da, sorpresaz eta ikusleen parte-hartzez betetako emanaldi koloretsua eskaintzeko. Musikak eta magiak bat egingo dute giro berezia sortzeko.

Abenduaren 20an izango den hurrengo saioak paisaiek musikan duten eragina erakutsiko du. Sentsazioen Paisaiak kontzertuan, bandak naturaren indarra eta edertasuna gogora ekarriko duten piezak interpretatuko ditu, paisaiak ez direla bakarrik ikusten, entzun eta senti ere egiten direla nabarmenduz.

Otsailaren 28ko emanaldian euskal nortasuna izango da protagonista. Euskal Nortasun Hotsak kontzertuan, Garikoitz Mendizabal txistularia ariko da bandarekin batera, Udazken Txistulari Taldearekin eta Zubiaur Musika Eskolako txistu-ikasleekin batera, gure ondare musikalari ibilbide soinuduna eskainiz.

Maiatzaren 9an, Zubiaur Musika Eskolako ikasleek hartuko dute protagonismoa Sentsazioen Bila kontzertuan. Saio honen xedea bandaren eta eskolaren arteko harremana sendotzea da, eta ikasleei bandako musikariekin batera aritzeko aukera emango die, musikak pizten dituen sentsazioak elkarrekin arakatuz.

Denboraldia ekainaren 20an amaituko da Emozioak Lau Haizetara kontzertuarekin, Haizetara kaleko musika jaialdiaren baitan. Zornotzako Musika Bandak bere musika kalera eramango du, sorpresaz eta emozioz betetako programa baten bidez, musika sinfonikoa modu hurbil eta zuzezenean bizitzeko aukera eskainiz.

Programazio honen bidez, Zornotzako Musika Bandak musika herritarrengana hurbildu nahi du, adin eta publiko guztientzat anitza izango den denboraldi bat eskura jarriz.