Aurrera doa Elorrioko Udala aktibismo feministaren alorrean pausoak emanez. Oraingo honetan, Euskal Fondoarekin eta Toki Garapenerako Kolektiba Feministarekin (El Salvador) indarrak batu ditu proiektu polit bat ekartzeko. Datorren asteartean, azaroaren 18an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Elorrioko Iturri kultur etxeak 'Hemen bai, borroka egiten da / Aquí sí se hace lucha' ikus-entzunezko proiekzioa jasoko du.

Ekimen hau izen bereko kanpaina internazionalaren baitan kokatzen da, eta emakumeen borroka feministaren eta giza eskubideen defentsaren inguruko hausnarketa soziala sustatzea du helburu.

Emanaldian IKAIKA Media S.L. ekoiztetxeak egindako 35 minutuko ikus-entzunezkoa proiektatuko da, non El Salvadorreko emakumeen eta kolektibo feministaren testigantzak biltzen diren, haien aktibismoak aldaketa sozialean duen eragina erakutsiz. Horrez gain, Euskal Fondoaren eta Kolektiba Feministaren arteko lankidetzaren testuingurua azaltzen duen sarrera-bideoa ere eskainiko da.

Lan honek salaketa, memoria eta aldarrikapena uztartzen ditu, ikuspegi feministatik, eta emakumeen borrokaren ahotsa lehen lerrora ekartzen du. Proiekzioaren ostean, Angelica Rivas (La Kolektibako mendebaldeko bulegoko arduraduna, El Salvador), Juan Manuel Balerdi (Euskal Fondoko zuzendaria) eta Aitor Joseba Landa (Euskal Fondoko Zentroamerikako lur-bulegoko arduraduna) parte hartuko dute hizketaldian.

Euskal Fondoak bultzatutako #AquíSíSeHaceLucha kanpainaren helburua euskal udalerrien konpromiso sozial eta internazionalista ikusaraztea da, berdintasunaren eta giza eskubideen aldeko lana azpimarratuz.