Enlit Europek, sektore energetikorako erreferentziazko nazioarteko topaketak, Bilbao Exhibition Centren egingo du hurrengo edizioa 2025eko azaroaren 18tik 20ra. Hitzorduak mundu osoko 140 herrialde eta 700 enpresa erakusketari baino gehiagotako 15.000 profesional baino gehiago bilduko ditu trantsizio energetikoarekin lotutako erronkak eta aukerak aztertzeko. Topaketa 1., 3 eta 5. pabiloietan egingo da eta BECeko Batzar Zentroan beste esparru batzuk ere izango ditu.

Hiru jardunalditan, soluzio teknologiko berritzaileenen, sortzen ari diren joeren eta energia sortzeko, banatzeko eta kontsumitzeko modua aldatzen ari diren arrakasta-kasuen ikuspegi osoa emango da. Ekonomiaren digitalizazioa, deskarbonizazioa eta elektrifikazio jasangarria izango dira energia-sistema eraginkorrago eta ingurumena gehiago errespetatzen duenerantz aurrera egitea bultzatzen duen ekitaldi honen ardatz tematiko nagusiak.

Ekitaldia hasteko astebete eskas geratzen den honetan, Paddy Young-ek, Enlit Mediako zuzendariak, Enlit Europe topaketa iristear delako bere poza adierazi nahi izan du antolakuntzaren izenean: "Oso pozik gaude Enlit Europe Bilbora eta BECera ekarriko dugulako. Hiriak eta eskualdeak emandako babesa zoragarria izan da, eta argi dago espiritu berritzaileari eta inguruko energia-komunitate sendoari esker, ekitaldia egiteko leku ezin hobea dela. Egun gutxi barru ongietorria emango diogu ekosistema energetiko osoari. Aurtengoa edizio inspiratzaile eta ahaztezina izango dela uste dugu. Edizio hau Europako trantsizio energetikoaren benetako erdigunea bilakatuko da, non prozesu honen hurrengo urratsak lotu, bultzatu eta definituko diren".

"Enlit Europe Bizkaian jasotzea aukera paregabea da munduari erakusteko nola ari garen aurrera egiten gure ekonomiaren deskarbonizazio adimendun baterantz, anbizio klimatikoa eta errealismo industriala uztartzen dituen trantsizio baterantz. Sendotasunez sinesten dugu lehiakortasunari uko egin gabe emisioak murritz daitezkeela. Teknologia garbiak, digitalizazioa eta gure enpresekin batera energia eredu berriak bultzatuz erakusten ari gara", azpimarratu du Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak.

Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarentzat, Enlit-en tamainako industria-azoka bat Euskadin jasotzea, sare elektrikoak indartzeko une gako batean, bai hemen bai nazioartean, aukera bikaina da sare eta osagai elektrikoetan zentratutako euskal industriaren indarguneak erakusteko. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Euskadiko Industria Planari bultzada ematen dio. Plan horrek, proiektu eraldatzaileen artean, Grid for Industry jasotzen du, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez sare elektrikoaren modernizazioan, adimenean eta errefortzuan aurrera egiteko ekimen aitzindaria. Funtsezko alderdia da deskarbonizazioa eta industria-garapena lortzeko eta Industria gehiago, Industria hobea eta Emisio gutxiago lortzeko.

Kontxi Claverrentzat, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziarentzat, "energia sektorea Bilboren DNAren parte da, eta gaur egun lankidetza publiko-pribatuaren adibide da, bereziki Enlit Europe bezalako proiektu handiak bultzatzeko orduan. Erronka gero eta zorrotzagoen aurrean, Bilbo topaketa handi honen bidez sendotzen da eztabaidaren, berrikuntzaren eta negozio-aukeraren epizentro gisa, energia arloan irtenbide jasangarri eta lehiakorrak sustatzeko".

Asís Canales Iberdrolako EAEko ordezkaria eta Iberdrolako Pertsonen eta Baliabideen Zuzendari Globalak nabarmendu duenez, "lurralde honetan ia 125 urte daramatzan konpainia batentzat, Europako industria elektrikoaren topaketa bat gure etxean bultzatzea oso pozgarria da. Iberdrolak hainbat hamarkada daramatza lanean diharduen lurraldeetako trantsizio energetikoarekin konprometituta. Euskadik etorkizuna du jokoan deskarbonizazio industrialean, eta elektrifikazioa da bidea".

Bestalde, José Ignacio Hormaechek, Basque Energy Clusterreko zuzendari nagusiak, honako hau nabarmendu nahi izan du: "ENLIT Europe 2025 Bilbon antolatzea sare elektriko adimendunekin lotutako Euskadiko industria sendoari egindako aitortza da. Nazioartean lehiakorrak diren enpresa berritzaileak daude bertan eta ekitaldian protagonismo handia izango dute".

Enlit Europe bezalako ekitaldi handi bat hartzearen garrantzia ere nabarmendu du Xabier Basañezek, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusiak, ekitaldiaren eragin estrategikoa azpimarratuz: "Enlit Europerekin ekitaldien mundu mailako antolatzaile nagusietako bat BECera iristeak mugarria ekarri du. Lankidetza berri honek nazioartekotasun, eskakizun maila tekniko eta konplexutasun operatibo handieneko topaketak jasotzeko gure barrutiak duen gaitasuna berresten du. Tamaina honetako hitzordu bat erakartzea eta bultzatzea lankidetza publiko-pribatuko eredu sendoan oinarritzen da, eta herrialde-estrategiarekin guztiz lerrokatuta dago. Eredu hori kontuan hartuta, BECen Euskadirentzat ezagutza, negozio-aukerak eta nazioarteko proiekzioa sortuko duten esparruak sustatzea dugu helburu: energia, fabrikazio aurreratua edo biomedikuntza, besteak beste".

Ekitaldiak kongresua, erakusketa eremua, hub-ak eta B2B bilerak bateratuko ditu esperientzia integrala eskaintzeko. Kongresuak (Summit) trantsizio energetikoarekin lotutako erronkak eta aukerak jorratuko dituzten 100 hitzaldi eta panel baino gehiago eskainiko ditu 5. pabiloian. Aldiz, erakusketa eremuan, arrakasta-kasuak eta soluzio berritzaileak ezagutzeko aukera egongo da. Horrez guztiaz gain, hub tematikoak ere izango dira. Jarduera horiek funtsezko gaiei buruzko trukea sustatuko dute: berrikuntza sare elektrikoetan, digitalizazioa, mugikortasuna, biltegiratze energetikoa, sistemaren malgutasuna eta deskarbonizazioa. Gainera, B2B bilerak eta profesionalak konektatu eta aliantza estrategikoak sortzeko diseinatutako networkingeko proposamenetarako espazioak ere izango dira.