Datorren larunbatean, urriaren 11n, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean ospatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren saioa.
Hain zuzen ere, zozketak sei bertsolari bideratu zituen Galdakaoko saiora, lau emakumezko eta bi gizonezko, Begoñe Olabarria Astobizak aurkeztutako gaiei erantzunez kantatzera: Araitz Katarain Mugerza, Asier Galarza Garai, Bittor Altube Sarrionaindia, Enare Muniategi Etxabe, Irune Basagoiti Agirre eta Paule Ixiar Loizaga Legarra.
Aurten, egitura berritua eta final aldaketarekin dator txapelketa: bost saio jokatuko dira lehenengo fasean, jarraian finalaurrekoak bi bueltara izango dira eta, azkenik, finala Bilboko La Casilla pabilioian izango da, abenduaren 20an.
Lehen fasean 30 bertsolarik hartuko dute parte, Udabarria Bertsotan egitasmotik sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023ko finalaurrekoetan kantatu zuten beste 9k. Horietatik, 11 finalaurrekoetako lehenengo bueltara pasako dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak, 2023an finalista izan zirenak hain zuzen.
Galdakaoko saioaren irabazlea Barakaldoko finalaurrekoan arituko da, eta besteek puntuazioaren zain egon beharko dute.
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Bertsozale Elkartearen webgunean, ekitaldia Udalaren babesarekin antolatzen duen elkartea. Prezio orokorra 9 eurokoa da, 6 eurokoa elkarteko bazkideentzat, eta 3 eurokoa 6 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Oraindik sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia 16:00etatik aurrera irekiko litzateke egunean bertan.