Síguenos en redes sociales:

Hauek dira Hiriko Soinuak lehiaketaren zazpigarren edizioko irabazleak

Finala joan den larunbatean, irailak 27, ospatu zen Barakaldoko San Bizente parkean eta 450 pertsona inguru bertaratu ziren

Monday Potions (sari nagusia), Nightwaves (Barakaldoko artistarik onena), Jonsor (BBK-Berdintasun saria) eta Laztana Laztana (euskarazko artistarik onena) izan dira Barakaldoko Udalak sustatutako Hiriko Soinuak lehiaketaren zazpigarren edizioko irabazleak.

Finala joan den larunbatean, irailak 27, ospatu zen Barakaldoko San Bizente parkean eta 450 pertsona inguru bertaratu ziren. Bederatzi artista aritu ziren: Del Val, Deriba eta Monday Potions, kategoria nagusiko finalistak; Ardo Beltza, Clara Corral & Cute Canallas eta Nightwaves, Barakaldoko artistarik onenaren kategoriako finalistak; eta Alas Glow, Jonsor eta Naz, BBK-Berdintasun sariko finalistak. Emanaldiak amaitzean, eta epaimahaiaren deliberazioaren ondoren, kategoria horietako irabazleen izenak jakinarazi ziren, baita euskarazko artista onenaren sariaren irabazlearena ere, Laztana Laztana-rena, alegia.

Monday Potions, Eneko Peña buru eta Etxebarri, Bilbo eta Santurtziko musikariek osatutako proiektua da, pop barrokotik art rockera nabigatzen duen musika proposamen eklektikoa, berriki laukote formatuan birraktibatu dena. Nightwaves amerikar sustraiko rock klasikoa egiten duen boskotea da, ibilbide luzea duten musikariek osatua. Jonsor rock progresiboko hirukotea da, Nahia Ricoy (Sopela), Ainhoa Sagasti eta Jon Sortellek (Getxo) osatua; nahiz eta finalean Nahiak eta Jonek osatutako bikoteak jo zuen. Azkenik, Laztana Laztana elektronika, urban, pop, rock eta folk soinuak uztartzen dituen proiektua da.

Saritutako lau proposamenak urriaren 24an eta 25ean Barakaldoko Herriko plazan egingo den Hiriko Soinuak doako jaialdian arituko dira. Laztana Laztanak eta Monday Potions-ek Biznaga eta Bala taldeekin partekatuko dute eszenatokia (ostirala, hilak 24) eta Jonsorrek eta Nightwaves-ek, Reincidentesekin eta Sandrérekin (larunbata, hilak 25).