Astelehen honetan goizean, irailaren 15ean, hasi egin da Gazte Artea Ezkerraldean arte-erakusketa ibiltariaren edizio berria. Azken urteotan bezala, eskualdeko udalerriak beren ohiko kultura-jarduera berreskuratzen hasiko dira ekimen honekin.
Ezkerraldeko Udalek bultzatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako proposamen hori funtsezko plataforma gisa finkatu da sortzen ari den talentua ezagutarazteko eta, horrela, arte-zirkuitu profesionaletarako sarbidea errazteko. Gazte Artea Ezkerraldean programaren hamahirugarren aldi honetan, herritarrek artisten sormenaren eta eskualdean bizi den kultura-mugimenduaren isla den diziplina anitzeko erakusketa bat izango dute: eskulturak, pintura digitala, hainbat euskarritan egindako oleoak eta formatu txikiko collageak, akuarela eta inprimaketa botanikoarekin eginak.
Aurten honako artista hauek parte hartu dute: Andrea Álvarez Fernández barakaldarra, portugaleteko Paula Díaz Flores, Yara Moriel Ces santurtziarra eta Julene Santos Merchán sestaoarra.Gazte Artea Ezkerraldean aurkezpenean, artistekin bat, Barakaldoko Udaleko Jonathan Martínek, Portugaleteko Udaleko Aingeru Fernándezek, Santurtziko Udaleko Itziar Carrocerak eta Sestaoko Udaleko Álex Moneok parte hartu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Natxo Rodríguez Gizarte Kohesioko zuzendari nagusia ere bertan izan da.Aurten, erakusketa Sestaon hasi da, eta irailaren 26ra arte bisitatu ahal izango da Musika Eskolan. Urriaren 17tik azaroaren 6ra, erakusketa Santurtziko Mamariga Kulturgunean jarriko da. Ondoren, azaroaren 11tik abenduaren 19ra, Portugaleteko Gazte Gelan egongo da ikusgai. Azkenik, urtarrilaren 2tik 31ra Gazte Artea Ezkerraldean Barakaldoko Gazte Bulegora iritsiko da.
Álex Moneok, aurten Gazte Artea Ezkerraldearen lehen udalerri anfitrioia izango den Sestaoko zinegotzi gisa, programa honen garrantzia azpimarratu du: "Ekimen honen bidez, Udalek eta Aldundiak gure babesa eman nahi diegu 30 urtetik beherako artistei, lehen urratsak ematen ari baitira eta ikusgaitasuna behar baitute beren lana ezagutzera emateko. Gazte Artea Ezkerraldean erakusketari esker, beraien esku jartzen ditugu erakusketa-aretoak, sorkuntza-lanak erakutsi eta lehen esperientzia izan dezaten".
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesiorako zuzendari Natxo Rodríguezek babesa eskaini eta balioa eman dio Bizkaiko gazteen emantzipazioa errazteko eta ongizatea hobetzeko jarduerak jorratzen dituen «Bizkaia Gazteak 2030» foru-estrategiaren barruan dagoen ekimen honi.